Gizartea -
Koronabirusa
Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak, maiatzaren 18tik aurrera eskolara EAEn
Batxilergoko azken mailetako ikasleak eta Lanbide Heziketako gehienak itzuliko dira egun horretan ikastetxera. Gainerako mailetakoek eta DBHko 4. mailakoek maiatzaren 25ean egingo dute.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1 eta 2. mailetako eta Lanbide Heziketako ikasleak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasgeletara itzultzea erabaki du, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu duenez.
Osasun-egoerak aukera ematen badu, Batxilergoko 2. mailako, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira; DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleak, berriz, maiatzaren 25ean itzuliko dira.
Horrela, aurrez aurreko eskola-jarduerarako itzuleraren aurrean, Hezkuntza Sailak zenbait osasun-neurri zehaztu ditu, Osasun Sailarekin lankidetzan: 1,5 metroko tartea utziko da eskola-postuen artean; ikasleek, irakasleek eta gainerako hezkuntza-profesionalek musukoa jantzi beharko dute eskola-esparruan; ikastetxeko sarrera-irteerak mailakatuta egongo dira; bi sarbide dituzten ikastetxeek norabide bakarreko sarrera-irteerak prestatuko dituzte; jolastokian hainbat txanda ezarriko dituzte; eta ikasturte amaieran jantokiko zerbitzu osagarria ez da abian jarriko.
Jantoki-zerbitzurik egongo ez denez, ikastetxeek ohiko ordutegiak egokituko dituzte irakaskuntza presentzialak egunean 5 orduko ordutegi trinkoa izan dezan.
Hezkuntza-etapak mailaka itzuliko dira: Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailetakoak eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailakoak maiatzaren 18an itzuliko dira; DBHko 4. Mailako ikasleak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Erdi Mailako eta Oinarriko Lanbide Heziketako 1. mailakoak, berriz, maiatzaren 25ean itzuliko dira.
Maiatzaren 25etik aurrera, familiek Hezkuntza Bereziko ikastetxeak eta gela terapeutikoak izango dituzte eskura.
Haurreskolak, 0 eta 1 urteko haurrentzat
Familia bizitza errazteko asmoz, Haurreskolak Partzuergoko zentroen arreta 0 eta 1 urteko haurrak dituzten familiei zuzenduta egongo da, eta guraso edo tutoreek lan egiten ari direla edota mendeko pertsonen zaintza beren gain dutela frogatu beharko dute.
Hezkuntza Saila Osasun Sailarekin lanean ari da neurriak zehazteko, baina zerbitzu hori maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran abiatzea aurreikusi dute.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.