Gizartea -
Koronabirusa
Bilboko Udalak hiriko 11.500 eserlekuak garbituko ditu, zigiluak kendu ondoren
Nolanahi ere, oraindik krisi egoeran gaudela gogorarazi die herritarrei, eta, beraz, ezinbestekoa dela pertsonen artean segurtasun tartea gordetzea, osasun arduradunek emandako arauak betez.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udalak hiriko 11.500 eserlekuak garbituko ditu, zigiluak kendu ostean. Horretarako, Udalak hidrogarbitzaileak dituzten 10 talde dauzka, eta beste lau talde kaleak makinek eta langileek botatzen duten urarekin garbitzeko. Gaur bertan ekin diete ezohiko garbiketa lanei, eta astebururako amaituta izatea espero dute.
Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, osasun arloko krisia hasi zenean hondakinak garbitzeko eta biltzeko zerbitzua berrantolatu zuten. Hala, baliabide batzuk lehentasun handiagoko beste eginkizun batzuetarako erabiltzen hasi ziren; adibidez, kaleak desinfektatzeko.
Gaur egungo egoeran, ordea, kalean jarduera suspertzen hasi denean eta "normaltasun berria" deritzon horri begira, Udalak beharrezkotzat jo du lana berrantolatzea eta zerbitzu misto bat eratzea, ezohiko lanei ekiteko, ohiko garbiketa eta higienizazio lanez gain, herritarrek hiriaz eta hiriko altzariez goza dezaten berriro.
Hori dela eta, Bilbon dauden 11.500 eserlekuei zigiluak kentzen hasi dira ostegun honetan, eta, hainbat egunetan zehar, produktu bereziak erabiliz garbituko dituzte, koronabirusari aurre egiteko asmoz.
Nolanahi ere, oraindik krisi egoeran gaudela gogorarazi die Udalak herritarrei, eta, beraz, ezinbestekoa dela pertsonen artean segurtasun tartea gordetzea, osasun arduradunek emandako arauak betez. Horrez gain, "hiriko jarlekuak topaketak eta bilerak egiteko leku ez bihurtzeko" eskatu die bilbotarrei.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.