Gizartea -
Koronabirusa
Udaltzainei eta etxez etxeko laguntzako langileei COVID-19aren testa egingo zaie
Eudelek, bere zirkularrean, alkateen lankidetza eskatu du Udaltzaingoko eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen identifikazio-datuekin galdetegi bat betetzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eudelek EAEko alkateei zirkular batean jakinarazi dienez, Udaltzaingoko agenteei eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileei COVID-19aren testa egiten hasiko zaie datozen egunetan.
Ekimena Osasun Sailetik suhiltzaileei egiten ari zaizkien proben jarraipena dela azaldu du Eudelek.
Eudeleko presidente eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordean parte hartzen du. Batzorde hori COVID-19 pandemiak eragindako osasun-alertaren adierazpenaren harira aktibatu zuen lehendakariak, eta egun erabaki du esposizio handiko kolektiboei eta zerbitzuei, hala nola, suhiltzaileei, Udaltzaingoari eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileei gaixotasuna atzemateko probak egitea.
Eudelek zirkularrean adierazi bezala, probak egin ahal izateko lehen urratsa alkateen oniritzia lortzea da, hala Udaltzaingoko eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen identifikazio-datuekin galdetegi bat betetzeko. Ondoren, galdetegi hori Osasun Sailera bidaliko dute, proben deialdia ahalik eta lasterren antolatu ahal izateko.
Udaltzaingoen dokumentazioa bidaltzeko epea maiatzaren 11n amaituko da, eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen kasuan, maiatzaren 15ean.
Adierazpenean jakinarazten da proba borondatezkoa dela, baina emaitza positiboa bada, PCR diagnostiko bat egin beharko zaio. Osasun Sailak kasu horretan jarraitu beharreko protokoloa bidaliko du.