Gizartea -
Koronabirusa
EAEko hamar biztanletatik seik erlaxazioa igarri dute neurrien betetze mailan
Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 750 pertsona elkarrizketatu zituen apirilaren 27aren eta 29aren artean, koronabirusa Araba, Bizkai eta Gipuzkoak izaten ari den eraginaz.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hamar herritarretatik ia seiren ustez, konfinamendua luzatzen doan heinean herritarrak erlaxatzen ari dira COVID-19aren pandemia gelditzeko neurriak betetzeko orduan.
Hori da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak koronabirusa EAEn izaten ari den eraginari buruz apirilaren 27tik 29ra 750 pertsonari eginiko galdeketaren ondorioetako bat.
Elkarrizketari erantzun ziotenen % 12ren ustez, agindutako segurtasun neurriak ez dira behar bezala betetzen ari, % 24k uste dute “asko” betetzen ari direla, % 61ek “nahiko” eta % 1ek “bat ere ez”.
Zehazki 14 urtetik beherakoak etxetik ateratzea baimentzen dituen arauari buruz galdetuta, % 57 ados daude, eta % 23ren ustez ez zen horren permisiboa izan beharko.
Helduei paseoak edo jarduera fisikoa egiten uzteko aukerari dagokionez, nahiz eta baimen hori ez zegoen indarrean galderak egin zituztenean, % 66k egoki iritzi diote, eta % 13 aurka dago.
Galdera sortari erantzun dioten gizon-emakume gehienak oso larri agertu dira koronabirusaren hedapenaren aurrean, Soziometro honen arabera: % 35ek “nahiko larri” daudela esan dute, eta % 50ek “nahiko larri” daudela.
% 71 arduratuta daude gaixotuko ote diren, baina handiagoa da ingurukoak gaixotzearekin arduratuta daudenen ehunekoa (% 91).
Ondorio ekonomikoak
Ondorio ekonomikoei buruz, % 43k erantzun dute arduratuta daudela pandemiak etxeko ekonomian izango duen eraginarekin, eta % 37k “nahiko arduratuta” daudela. % 10ek adierazi dute egoera ekonomiko pertsonala asko okertu dela, eta % 28k zerbait okertu dela.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izango duen eraginari buruz galdetuta, % 61 oso arduratuta daude eta % 36 nahiko arduratuta.
Gehienak, senideekin
Konfinamendua pasatzeko moduei buruz, galdeketak agerian utzi du erantzun diotenen % 13 bakarrik daudela etxean, % 83 senideekin eta % 3 beste pertsona batzuekin.
Etxeko bizikidetza oso ona da % 52ren arabera eta nahiko ona % 45en ustez, baina % 12k esan dute txarto daramatela konfinamendua eta, are, % 3k “oso txarra” izaten ari dela erantzun dute.
Kontsumo ohiturei dagokienez, % 12 egunero irteten dira erosketak egiten, % 29 astean hainbat aldiz, % 33 astean behin, % 13 astean behin baino gutxiago eta % 13 inoiz ez.
Jarduera fisikoari helduta, % 43k egunero egiten dute etxean, % 17k astean hainbat aldiz, % 22k lantzean behin eta % 19k inoiz ez.
8,2 puntu Osakidetzaren arretari
Osakidetza COVID-19ak jotakoei eskaintzen ari den arretari 10 puntutatik 8,2 eman dizkiote galdeketa honetan, eta 6,8 puntu Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek emandako aholku eta informazioen argitasunari.
Erakundeen kudeaketari dagokionez, EAEko herritarrek 6,7 puntu eman dizkiote Eusko Jaurlaritzari, 5,5 Espainiako Gobernuari eta 4,9 Europar Batasunari.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.