Gizartea -
Koronabirusa
Osasun Sailak pandemiaren gailurrean hartutako lau neurri indargabetu ditu
Indargabetutako aginduen artean, besteak beste, hileta-osasun arloan ezarritakoak, Zuzendaritza Batzordea sortzearen ingurukoa eta merkatuak aldi baterako etetea daude.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du martxoan eta apirilean onartu ziren eta COVID-19aren gailur epidemikoari aurre egiteko ezohiko neurriak ezartzen zituzten hainbat agindu indargabetu dituela, Euskadiko egoeraren bilakaera ikusita.
Zehazki, Nekane Murgak Osasun sailburuak sinatutako lau arau indargabetu dira. Lehenik eta behin, koronabirusak eragindako laguntza-jardueraren areagotzeari aurre egiteko beharrezkoak ziren baliabide pribatu guztiak erabiltzea eta premiarik txikiena zuten zein pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzea ahalbidetu zuen martxoaren 24ko agindua indargabetu da. Horri esker, besteak beste, erakunde pribatuek beren jarduera programatua hasi ahal izango dute.
Ildo beretik, bertan behera utzi da martxoaren 18ko agindua, ezohiko egoerak iraun bitartean Euskadin eskura zeuden baliabide guztiak (osasunari, kudeakeari eta boluntariotzari lotutakoak) kudeatu eta koordinatzea xede zuen Zuzendaritza Batzordea ahalbidetzen zuena.
Era berean, arriskuak txikiagotzeko helburuarekin hileta-osasunaren arloko ezohiko neurriak (tanatopraxiako esku-hartzeei zein gaubeilei eta zeremonia zibil eta erlijiosoei –hileta-izaerakoak barne– lotutakoak) ezarri zituen martxoaren 26ko agindua indargabetu da.
Bertan behera geratu den laugarren agindua apirilaren 6koa da. Agindu horren bidez, nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azoka eta feria tradizionalak aldi baterako eten ziren, eta denda-ibilgailuen bidezko saltoki ibiltarien jarduera arautu zen.
Indargabetze horiek Euskadin normaltasunera itzultzeko egiten ari den itxialdia malgutzearen testuinguruan kokatu behar dira, betiere COVID-19aren bilakaera epidemikoa kontuan hartuta. Ildo horretan, Osasuneko sailburu Nekane Murgak atzo aurkeztu zuen Euskadin koronabirusaren transmisioa prebenitzeko gomendioen gidaliburuan bildutako gomendioak zorrotz betetzeko eskatu du Osasun Sailak. Datozen egunetan, gidaliburu horren 350.000 liburuxka baino gehiago banatuko dira Osakidetzako zentroetan, farmazietan eta euskal udalerrietan. Halaber, bertsio digitalean egongo da eskuragarri, www.euskadi.eus/coronavirus webgunean.
Arau-indargabetze horiez gain, epe horretan hainbat hotel eta apartamentu jarri dira osasun-agintaritzaren esku, osasun-profesionalak nahiz COVID paziente arinenak hartzeko. Horietako bat, jada pazienterik ez dituena, Gran Hotel Lakua da. Igandera arte, guztira 187 paziente zituen. Establezimenduaren desinfekzioa atzo amaitu zen, eta Osakidetzako Arabako ESIko 46 profesionalek lan egin dute.