Gizartea -
Koronabirusa
Konfinamendua arintzeko planari buruzko galderak eta erantzunak
"Normaltasun berri" baterako trantsizioak lau fase aurreikusten ditu, eta horietako bakoitzak gutxienez bi asteko iraupena izango du. Hauek dira ohiko galderei emandako erantzunak.
eitb.eus
Astelehen honetan, maiatzak 4, konfinamendua arintzeko asmoz prestatutako deseskalatze planean jasotako 0 fasea sartu da indarrean, ekainaren amaieran "normaltasun berri bati hasiera" eman ahal izan aurretik. Lau faseetako bakoitzak bi asteko iraupena izango du gutxienez, eta, beraz, sei astekoa izango da plan horren gutxieneko iraupena. Trantsizio mailakatua izango da, eta faseetan oinarritua, egutegi baten ordez. Horrek zalantza ugari sortu dituenez, hauek dira ohiko galderei emandako erantzunak, Espainiako Gobernuaren irizpideak kontuan izanda.
- Noiz egin ahal izango zaizkie bisitak beste pertsonei haien etxean?
1. fasetik aurrera, patologiarik ez duten eta kalteberak ez diren pertsonen artean kontaktu soziala izateko aukera aurreikusten da. Dena dela, baldintza mugatuagoak ezarriko dira adinekoentzat edota patologiaren bat dutenentzat, eta 2. eta 3. faseetan aldatuz joan ahal izango dira.
- Zer murrizketa egongo dira arrisku gehien duten pertsonak bisitatzeko?
Murrizketak arrisku gehien duten pertsonak babesteko neurriak dira, eta gaixotasunak eragin gehien izan dezakeen pertsonak kutsatzea saihesteko helburua dute. Talde ahuletako pertsonak noiz bisitatu ahal izango ditugun zehazteko, hiru gairi erreparatu beharko diegu: probintzia berean edo beste batean bizi diren, zahar-etxean edo etxean bizi diren eta neurri bereziak ezarri zaizkien taldeetako kide diren edo ez. Hiru faktore horien konbinazioak zehaztuko du zein fasetan bisitatu ahal izango diren. Dena dela, datozen egunetan jakinaraziko dituzte irizpide zehatzak.
- Zein baldintzatan joan daiteke probintzia batetik bestera 1., 2. eta 3. faseetan?
Printzipioz, probintzien arteko joan-etorriak ez dira baimenduko normaltasun berrirako trantsizio-prozesua amaitu arte (hau da, 3. fasearen ondoren). Dena dela, joan-etorri horiek dagokion moduan justifikatutako arrazoiengatik egin ahal izango dira, hala nola, atzeratu ezin den aurrez aurreko lanagatik edo behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiren batengatik.
- Noiz joan naiteke nire bigarren egoitzara probintzia berean?
Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean jasotzen den bezala, ohiko bizilekua dagoen probintzian bigarren egoitzetarako bisitak 2. fasetik aurrera baimenduko dira.
- Noiz joan ahalko naiz bizi naizen probintzia ez den beste toki batean dagoen nire bigarren egoitzara?
Oro har, 3. fasea amaitzean lortzen den normaltasun berria lortu arte, ezin izango da bizi den probintziaz bestelako probintzietara bidaiatu, justifikatutako arrazoiengatik izan ezik. Hortaz, bi probintziek 3. fasea gainditu eta normaltasun berrian sartu arte itxaron beharko da.
- Alarma-egoera ezarri zenetik, baratzeko zaintza oso jarduera mugatua izan da. Nola arautuko da hemendik aurrera?
0 fasetik aurrera, familia-baratzeak, autokontsumorakoak edo udal jabetzakoak zaindu ahalko dira, baldin eta ohiko bizilekuko edo ondoko udalerrian badaude eta behar diren higiene- eta urruntze-neurriak hartzen badira. Baratzeetako lanak banaka egingo dira, salbu eta desgaitasuna duten pertsonei, adingabeei edo adinekoei laguntzen bazaie, eta baratzea mantentzeko lanak egiteko behar den denborarako soillik.- Turismoa egin daiteke? Noiz joan gaitezke mendira edo hondartzara?
1. fasera iritsitakoan, turismo aktiboa eta naturari loturikoa egin ahal izango da, probintzia bereko pertsona-talde mugatuetan. Halaber, museoetan bisitak egin ahal izango dira (nahiz eta bertan kultur jarduerarik ez egin), edukiera mugatuarekin. 2. fasean, turismo aktiboa eta naturari loturikoa ahalbidetuko da pertsona-talde zabalagoentzat, eta monumentuak eta beste kultura-ekipamendu batzuk (ez kultura-jarduerak) bisitatzea, edukiera mugatua mantenduz.
3. fasera iritsitakoan, aurreko jarduerek edukiera handiagoa izan ahalko dute, eta turismo aktiboa eta naturari loturikoa egin ahal izango da, baita hondartzara joan ere (segurtasun eta urruntze-baldintzak mantenduz). Hori guztia probintzia beraren barruan egin beharko da beti; izan ere, printzipioz, ez da aurreikusten gainerako probintzietara bidaiatzea baimenduko denik 3. fasea amaitu, eta, horrekin batera, normaltasun berria hasi arte.
- Zein ordutan atera daitezke 14 urtetik beherakoak? Eta 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren 14 urtetik beherakoek?
Arintzeko neurrien barruan, 14 urtetik beherakoak egunean ordubetez atera daitezke 12:00etatik 19:00etara bitartean, eta gehienez kilometro bateko distantziara. Hiru adingabe ere atera daitezke, berarekin bizi diren heldu arduradun batek lagunduta edo etxeko langile batek lagunduta, baldin eta sintomarik ez badute edo berrogeialdian ez badaude. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi diren adingabeentzat ez dago ordutegi-tarterik, jende pilaketak suertatzeko arrisku gutxiago dagoelako.
- Atera gaitezke elkar bizi garen bi pertsona txakurra paseatzera?
Maiatzaren 2tik aurrera, arintzeko neurrien barnean, baimendutako ibilaldiak banaka edo ohiko bizikide batekin egin behar dira, adin-taldeen arabera aurrez ezarritako ordu-tarteetan. Txakurra paseatzera ateratzea alarma egoeran baimendutako jarduera bat da, animaliaren beharrizan fisiologikoak betetzeko. Ibilaldi laburrak egin behar dira, beste animaliekin edo pertsonekin kontakturik izan gabe, eta jende gutxiago dagoen ordutegiak lehenetsiz. Beraz, dagokion ordutegian egiten bada, bi bizikidek txakurrarekin paseatu ahal izango dute.
- Noiz izango dut taberna batean trago bat hartzeko aukera?
Terrazak 1. fasetik aurrera ireki ahal izango dira, baina edukiera mugatua izango dute. Lokalek 2. fasetik aurrera mahaietan egin ahal izango dute zerbitzua, edo eramateko edariak prestatu ahal izango dituzte, betiere espazioa mantentzeko aukera eta edukiera mugatzeko bermearekin. 3. fasean lokalaren edukiera zabaldu egingo da, eta barran zerbitzua eman ahal izango da, bezeroen artean etorkizunean baimenduko den espazioa mantenduz. Gaueko diskotekak eta tabernak edukiera mugatuarekin ireki ahal izango dira.
- Talde murriztuak 1. fasetik aurrera bildu daitezke, baina zer da talde murriztu bat?
Talde txiki bat gehienez 10 pertsonaz osatuta dago, betiere pertsona zaurgarriak ez badira. 1. fasetik aurrera elkartu daitezke, betiere 2 metro inguruko distantzia soziala gordez eta higieneko zein segurtasuneko beharrezko neurriak mantenduz.
- Erreforma bat egin dezaket etxean?0 fasetik aurrera, itxita ez dauden lekuetan birgaitze-lanak segurtasun-baldintza jakin batzuetan egiteko baimena eman da. Higiezinak eraberritzea ere baimentzen da, baldin eta hutsik badaude (inor bizi ez bada) eta bizilagunekin kontakturik ez badago. Espazioak eta ibilbideak sektoretan banatu beharko dira, auzokoek eta langileek bat egin ez dezaten.
- Zer gertatuko da indarrean dauden laguntzekin, hala nola, autonomoen prestazioarekin eta halabeharrez salbuetsi diren aldi baterako lan-erregulazioen kuotekin?
Une honetan aztertzen ari dira fase bakoitzean zer neurri diren eraginkorrenak itxialdia malgutzeko, produkzio-ehunari eta enpleguari dagokienez. Aukera ezberdinak balioztatzen ari dira, baina lehentasuna kaltetuen errentak babestea eta enpleguari eustea izango dela adierazi dute. Ministroen Kontseiluak beharrezkoak diren neurriak onartuko ditu babes soziala bermatzeko.
- Aldi baterako lan-erregulazio bat aplikatu didate, baina nire enpresak 0 fasean jarduerari ekin dio berriz ere. Lan egin dezaket?
Osasun-krisiaren ondorioz aldi baterako lan-erregulazio ezarri duten eta euren jarduerari berriro ekingo dioten enpresek behar dituzten langileak aldi baterako lan-erregulaziotik atera ahal izango dituzte, baita lanaldi partzialean ere. Horrek egoera erraztuko die enpresaburu txiki eta ertain ugariri, eta milaka langile euren lanpostura itzuliko dira.
- Noiz erosi ahal izango dut arropa denda txiki batean? Eta merkataritza zentro batean?
Aurrez hitzordua eskatzen bada, 0 fasetik aurrera bezeroei banakako arreta eskaintzen dieten saltokietara joateko aukera egongo da, eta bezeroei ahalik eta babes handiena bermatu beharko zaie. 1. fasetik aurrera, arropa dendek egoera arruntean ireki ahal izango dute, betiere edukiera eta urruntze baldintzak betetzen badituzte. Merkataritza-guneak 2. fasetik aurrera irekiko dira, edukiera mugatuarekin. 2. fase horretan, debekatuta egongo da eremu komunetan edo jolas-eremuetan gelditzea.
- Saltoki txiki batean jendaurrean lan egiten dut. Zer segurtasun- eta higiene-neurri mantendu behar ditut?
0 fasetik aurrera, 400 metro karratutik beherako azalera hartzen duen txikizkako merkataritza ireki ahal izango da, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta eta banakako arreta bermatuta. Maiatzaren 3an argitaratutako osasun-agindu batek zehatz-mehatz deskribatzen ditu saltokiek jarraitu beharreko higiene- eta segurtasun-neurri guztiak, hala nola:
- Lokalaren higienizazioa egunean bitan (horietako bat lanaldiaren amaieran).
- Uniformea egunero garbitzea.
- Komunak erabiltzeko ezintasuna, beharrizan bat ez bada.
- Paperontziak erabiltzea hondakinak kontrolatuta egon daitezen.
- Probagelak higienizatzea, erabilera bakoitzaren ostean.
Langileek ezingo dute COVID-19aren sintomekin, diagnostiko positibo batekin edo berrogeialdian egoteko aginduarekin lan egin. 65 urtetik gorakoek lehentasuna edukiko dute saltokietara joateko, paseatzeko edo kirola egiteko euren ordutegian.
- Hurbileko elikadura-merkatuak egin ahal izango dira?
Bai. 1. fasetik aurrera, hurbileko elikadura-merkatuak berrabiarazi ahal izango dira, Udalak eta dagokion autonomia erkidegoak hala proposatzen dutenean, baldintza jakin batzuk betez. Horrela, elikadura-hornidurarako kanal gehigarri bat baimenduko da eta zirkuitu laburrak eta nekazari txikien jarduera indartuko dira, produktuak txikizkako establezimenduen antzeko baldintzetan ateratzeko.
Beraz, Udalek hala proposatzen badute, bide publikoan dauden aire zabaleko/salmenta ez-sedentarioko (azoka txikiak) merkatuek beren jarduera berrabiarazi ahal izango dute, postuen arteko distantzia mantenduz eta merkatu ibiltaria mugatuz, segurtasun-indarren edukiera behar bezala kontrolatzeko. Hasiera batean, ohiko postuen % 25 bakarrik instalatu ahal izango dira – edo merkaturako azalera handitu ahal izango da –, postuen eta oinezkoen arteko segurtasun-distantzia mantentzen dela bermatzeko.
- Zer fase eta baldintzatan aurreikusten da ile-apaindegiak berriz irekitzea?
Aurrez hartutako hitzordua bada, 0 fasetik aurrera. 2. fasetik aurrera, ezarritako edukiera- eta segurtasun-neurriekin irekiko dira.
- Nola mantendu daiteke segurtasun-distantzia ile-apaindegi batean?
Ile-apaindegi batean, distantzia soziala bermatu beharko da. Ile-apaintzaileak maskara eta babes-ekipamendu egokiak jantziko ditu; eta bezeroak, maskara. Gainera, bezeroen artean gutxienez 2 metroko distantzia mantendu behar da.
- Nola eros dezaket liburu bat liburudenda batean?
0 fasean, aurrez aurreko hitzordua eskatu behar da banakako arreta jasotzeko edo produktua online erosi beharko da. Lokal horiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (mostradorea, babes-manparak, etab.). Eta 1. fasetik aurrera, liburu-dendek era arruntean ireki ahal izango dute, edukiera- eta urruntze-baldintzak betetzen badituzte.
- Ezinbestekoa izango al da garraio publikoan maskarak erabiltzea?
Bai, maiatzaren 4tik aurrera derrigorrezkoa izango da. Garraio publikoan ezinezkoa da distantzia soziala bermatzea, eta, beraz, derrigorrezkoa izango da maskara eramatea.
- Ibilgailu pribatuan nire bikotekidearekin joatekotan maskara eraman behar dut? Eta taxi batean?Norbanakoaren erantzukizuna eta auto-babesa garrantzitsuak dira normaltasun berriaren trantsizioarentzat. Beraz, ibilgailu pribatu bat partekatzen denean, ohiko elkarbizitza edo kontaktu fisiko estua izanez gero, ez da beharrezkoa maskara erabiltzea. Hala ere, garraioan etxebizitza berean bizi ez diren pertsonak badoaz, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea, garraio publikoan bezala.
- Nire udalerritik atera naiteke produktu bat erostera?
0 fasetik aurrera, 400 metro karratu baino gutxiagoko txikizkako saltokietan eta udalerri barruan erosteko ahalmena dago, higiene- eta segurtasun-neurri jakin batzuekin eta 65 urtetik gorakoei euren denbora-tartean lehentasuna emanez; hala ere, udalerrian ez dagoen produktu bat erosi behar bada, bertara joan-etorriak egin daitezke.- Noiz zabalduko dira berriro barruko eta kanpoko mugak?
Egun, Frantziarekin eta Portugalekin lehorreko barne-mugetan kontrolak daude, eta Europar Batasunetik kanpoko bidaiarien sarbidea mugatuta dago portu eta aireportuetako kanpo-mugetan. Muga horietatik, honako hauek bakarrik sar daitezke lurralde nazionalera:
- Espainiarrak edo Espainian bizi direnak, bai eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan edo Schengen estatu elkartuetan bizi direnak ere, beren bizilekuetara joateko.
- Estatu kide batek emandako epe luzeko bisa baten titularrak, hura iraungita dagoenean eta estatu kide horretara joan nahi badu.
- Mugaz gaindiko langileak.
- Osasuneko profesionalak edo adinekoak zaintzeko profesionalak.
- Salgaien garraioan diharduten langileak.
- Langile diplomatikoak.
- Aginduzko familia-arrazoiengatik edo behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoiengatik bidaiatzen duten pertsonak.
Bi mugetako neurrietan edozein aldaketa eginez gero, osasun-irizpideak eta birusari eusteko irizpideak bete beharko dira, eta Europar Batasunarekin eta inguruko herrialdeetako agintariekin koordinatuta hartuko dira.
- Noiz eta nola itzuliko dira ikasleak ikastetxeetara?
Esparru guztietan normaltasun berrira itzultzea pandemiaren bilakaeraren menpe dago, eta hori ez da homogeneoa eta ez du berdin eragiten probintzia guztietan. Osasun-agintariek ezarritako adierazle batzuen arabera, ikastetxeak pixkanaka ireki ahal izango dira 1. fasean, desinfekziorako, egokitzapenerako, lan administratiborako (matrikulazioak, aktak, etab.) eta Unibertsitatearen kasuan ikerketarako. 2. fasean, unibertsitatekoak ez diren ikasleak geletara itzuliko dira, hurrengo erantzunean adierazitako baldintzetan. Ikastetxeek osasungintzak ezartzen dituen neurriak hartu beharko dituzte (maskarak, eskularruak eta abar erabiltzea).
- Unibertsitatekoak ez diren zein ikasle itzul daitezke?
Ikastetxean aurrez aurreko hezkuntzara borondatez itzul daitezke:
- Haur eta lehen hezkuntzako adingabeak (0 eta 6 urte bitartekoak), gurasoek etxetik kanpo lan egin behar dutela egiaztatzen badute.
- Borondatez, ziklo amaierako ikasleak (DBHko 4. maila, Batxilergoko 2. maila eta Erdi-mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako 2. maila), gela bakoitzeko 15 laguneko taldetan. Ikasturte bereko ikasleak ondoko geletan banatu daitezke, ikastetxera ordu desberdinetan joan, edo txandakako egunetan asistentzia banatu.
- Era berean, eta borondatez, irakasleen klaustroaren iritziz, hezkuntza-errefortzuko jarduerak behar dituzten edozein hezkuntza-etapatako ikasleak (Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta LH). Beti 15 ikasleko taldeetan.
- Hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleak.
- Unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo dituztenak.
- Zergatik joan daitezke eskolara 6 urtetik beherakoak bakarrik? Zer gertatzen da bakarrik geratu ezin diren gainerako ikasle adingabeekin, adibidez 7 edo 8 urte dituztenekin?
Alarma egoera ezarri zenetik helburu nagusia koronabirusaren hedapena saihestea da, kutsatzeko arriskua murriztuz. Horrek behartzen du, adibidez, distantzia soziala mantentzera. 6 urte edo gehiagoko ikasleak hezkuntza indartzeko programetara joan ahal izango dira ikastetxeetara.- Unibertsitatean nago. Aurtengo ikasturtea bukatu ahal izango dut, azterketak barne?
Bai. 2019-2020 ikasturtea aurreikusitako epeetan amaituko da. Unibertsitate bakoitzak bere ikasleei nola gauzatuko duten azalduko die ikasleei, egon daitezkeen oztopoen arabera, eta, bereziki, kontziliazio-arazoak, arrail teknologikoa eta abar.
- Noiz joan ahal izango naiz aire zabaleko ikuskizun batera?
Aire zabaleko kultura-ekitaldiak eta -ikuskizunak 1. fasean 200 pertsona baino gutxiagorekin egin ahal izango dira, 2. fasean 400 pertsona baino gutxiagorekin, eta 3. fasean 800 pertsona baino gutxiagoko edukierarekin. Fase guztietan, publikoak eserita egon beharko du, eta une bakoitzean agintariek ezartzen duten distantzia mantendu beharko du.- Noiz zabalduko dira gimnasioak?Gimnasioak kirol jarduera ez profesionaltzat jotzen dira. Espazio irekian edo itxian daudenaren arabera ezarriko dira neurriak. Espazio itxietan dauden gimnasioak 1. fasean hasiko dira berriz ere lanean, baina bakarkako jarduerarako bakarrik, kontaktu fisikorik eta aldagelarik gabe, eta aldez aurretik hitzordua eskatuta. 2. fasean, pertsona gehiagorekin eta beste establezimendu batzuek mantentzen dituzten gizarte-distantziari buruzko arau berberak izango dituzte. Kanpoko gimnasioen kasuan, 1. fasetik aurrera erabili ahal izango dira, eta 2. fasean edukiera handituko da.
- Noiz erabili ahal izango dira kirol instalazioak?
1. fasean irekiko dira aire zabaleko kirol-instalazioak, baina publikorik gabe, eta kontaktu zuzenik behar ez duten kirolak praktikatzeko bakarrik, atletismoa edo tenisa kasu. Baita banakako kirol-jardueretarako itxitako kirol-zentroak ere, aurrez hitzordua eskatuta, kontaktu fisikorik gabe eta aldagelak erabili gabe.
- 1. fasean, murrizketak zituzten nekazaritzako elikagaien ustiapenak eta arrantzako jarduerak berriz irekitzearen inguruan hitz egin da. Zer jarduera dira?
Beste sektore batzuk baino gutxiago mugatu da, elikadura-horniduraren katean zuzenean parte hartzen duelako eta funtsezko elementua delako. Hala ere, sektoreko zenbait jarduera ez dira funtsezkoak, eta alarma egoera ezarri aurretik zuten funtzionamendua berreskuratzeko aukera izango dute. Beraz, 1. fasetik aurrera, besteak beste, jarduera hauek ireki daitezke:
- Loreen eta landare apaingarrien txikizkako merkataritza.
- Lorezaintzarako labore-substratuen txikizkako ekoizpena eta salmenta.
- Lorezaintzarako ekipamenduen salmenta eta alokairua.
- Nekazaritzako ekipoak eta makinak mantentzea eta konpontzea, eta produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipoak ikuskatzea.
- Laborategi publiko eta pribatuak irekitzea, nekazaritza-ekoizpenean erabilitako intsumoen eta ekoizpen-bitartekoen kalitatea egiaztatzeko, hala nola, ugalketarako landare-materiala, laborantzarako ongarriak eta substratuak, eta nekazaritzako makineria.
- Botilaratutako edariak ardo ontziratuan espezializatutako salmenta-zentroetan jendeari saltzea.
- Etxeko animalien salmenta, txikizkako dendetan eta haztegietan, eta animalien adopzioa animalien babeserako zentroetan.
- 2. fasean, ehiza eta arrantza berriz baimenduko dira, baina baimenduta al zegoen jada?
Ez. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak autonomia erkidegoei gomendatu zien, apirilaren 14an bidalitako gutun batean, basurdeen populazioaren kontrola egitea, nekazaritza-ustiategietan ugaritu izanak eragindako arazoak direla medio. Autonomietako agintari eskudunak dira kontrol hori finkatzeko eskumena dutenak.
Gomendio horrekin animalien gaixotasunak zabaltzeko arriskua saihestea bilatzen zen, baita basurdeek nekazaritza edo abeltzaintzako ekoizpenetan eragin ditzaketen kalteak aurreikustea ere. 2. fasetik aurrera baimenduko dena kirol-ehiza da, landa-ingurunerako jarduera garrantzitsua; izan ere, 186.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu eta ia 6.500 milioi euroko balioa du urtean.