Gizartea -
Koronabirusa
Gehienez 10 lagun elkartzea posible izango da maiatzaren 11tik aurrera
Deseskalatzearen 1.go fasea indarrean sartuko da maiatzaren 11n, Espainiako Gobernuak ezarritako adierazleak betetzen diren erkidegoetan. Senideekin, auzokideekin nahiz laguneekin bildu ahalko gara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konfinamenduaren malgutze prozesuaren lehenengo fasean gehienez 10 pertsona taldean biltzea baimenduko du Espainiako Gobernuak, Exekutiboaren hainbat iturrik jakinarazi dutenez.
Elkartze horietan bi metroko distantzia-tartea gorde beharko da, eta ezarritako higiene neurriak errespetatu. Bilera horiek egin ahalko dira, ez bakarrik etxebizitza berean bizi direnen artean, baita senideen, auzokideen nahiz lagunen artean ere.
Konfinamenduaren malgutze prozesuaren lehenengo fasea maiatzaren 11n sartuko da indarrean Espainiako Gobernuak ezarritako adierazleak betetzen dituzten erkidego guztietan.
Ibilgailuetan bidaiatzea
Bestalde, gehienez jota bederatzi jesarleku dituzten auto pribatuek osorik beteta bidaiatu ahalko dute konfinamenduaren biguntzearen lehenengo fasetik aurrera, Espainiako Gobernuak jakitera eman duenez.
Baldintza bakarra izango da auto horretako bidaiari guztiak etxe berean bizitzea. Hori betetzen ez bada, ilara bakoitzeko bi jesarlekutan joan beharko dira, segurtasun-tartea gordeta eta maskarak jantzita.
Maskarak derrigorrezkoak, garraio publikoan
Halaber, atzo arratsaldean egindako agerraldian, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri zuenez, garraio publikoan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da, astelehenetik aurrera, hau da, konfinamenuaren arintze prozesuaren 0 fasea indarrean sartuko den egunetik.
Zehaztu zuenaren arabera, hori hala izan dadin, Gobernu espainiarrak 6 milioi maskara banatuko ditu garraio publikoko lotune nagusietan. Horrez gain, beste 7 milioi maskara helaraziko dizkio Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioari (FEMP), hark bana ditzan. Azkenik, beste milioi eta erdi maskara emango dizkie Gurutze Gorria, Caritas eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Estatuko Batzordeari (CERMI).