Gizartea -

Koronabirusa

Hildako bat Gipuzkoako egoitzetan, kasu berririk erregistratu gabe

Arabaren kasuan, laugarren eguna da jarraian hildakorik ez dagoela adinekoen egoitzetan koronabirusaren ondorioz.

Adinekoen egoitza bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Adinekoen egoitza bat
Adinekoen egoitza bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hil da azken orduetan Gipuzkoako egoitzetan, eta bigarren egunez jarraian ez da COVID-19aren kasu positibo berririk erregistratu.

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitza horien egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta 12 adineko gehiagok gainditu dutela gaixotasuna adierazi du.

Hildako pertsona Donostiako Berra zentroko bizilaguna zen, eta berreskuratutakoak Zumaiako Otezurin (5), Irungo Caser Anaka bizitegian (4) eta Eibarko San Andresen (3) bizi ziren.

Guztira, 239 adinekok jaso dute alta, 161 hil dira eta 148k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Une honetan, hamabost egoitzak dituzte COVID-19aren kasu positiboak Gipuzkoan; 65 egoitza eta 5.425 plaza dituztenak.

Arabari dagokionez, laugarren egunez jarraian ez da hildako erabiltzailerik erregistratu egoitzetan, eta azken orduetan kutsatuen kopurua 226 pertsonatan kokatu da, martxoaren 31tik izandako kopururik txikiena.

Arabako Foru Aldundiak pandemiaren bilakaeraren azken datuen berri eman du, gaixotasuna gainditu dutenen kopuruak gora egin duen zentro horietan, guztira 190 egoiliar.

Sendatu berri diren gehienak gaixotasuna modu asintomatikoan pasatu duten egoiliarrak dira, berriki egindako test serologikoek atzeman dutenez.

Gaur egun, COVID-19a duten erabiltzaileak 226 dira, gehienak, 220, egoitzetan artatzen dira eta 6 ospitaleetara bideratu dira, osasun-egoera larria dutelako.

Kasu positibo guztietatik, 121 Araban dauden zentro pribatuen erabiltzaileak dira, 104 foru-egoitzetan bizi dira, eta falta den pertsona 20.000 biztanletik beherako udalerrietako ekipamendu batean.

Osasun krisia hasi zenetik, egoitzetako 136 erabiltzaile hil dira egoitza eta ospitaleetan. Horietatik 72 egoitza pribatuetan bizi ziren, 62 foru zentroetan eta gainerako biak 20.000 biztanletik beherako udalerrietako ekipamenduetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Adinekoak gaur Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak