Gizartea -
Koronabirusa
Munduko 50 chef onenekin 'onlineko aperitiboa' eskainiko du Gastronomikak
Urrirako aurreikusita dagoen aurrez aurreko edizioaren aurrerapen gisa, antolatzaileek webinar bidez egingo dituzte tailer, eztabaida, hitzaldi eta elkarrizketen egutegia aurkeztu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Pandemiaren bilakaerak horretarako aukera ematen badu, San Sebastian Gastronomika urrian egingo dute, baina, sektoreak bizi duen egoera ikusita, antolatzaileek 'onlineko aperitiboa' prestatu dute: munduko 50 chef onenekin egingo diren hitzaldi, elkarrizketa eta debateak.
#Gastronomikalive etiketapean, maiatzaren 4tik aurrera martxan jarriko dute eta lehen astean Mirazur jatetxe frantziarreko Mauro Colagreco argentinarra izango dute (Mirazur 50 World's Best Restaurants zerrendako lehen tokian dago), eta berarekin batera Quique Dacosta (Grupo Quique Dacosta), Eneko Atxa (Azurmendi), Pitu Roca (El Celler de Can Roca), Alex Atala brasildarra (D.O.M.) eta Najat Kanaache marokoarra (Nur).
Edizio birtual honetan COVID-19ak eragindako errealitatea aztertuko dute eta gastronomia “momentu zail honetan gizartea bateratzeko tresna” bezala aldarrikatuko dute, zuzendaritzak ateratako oharrean azaldutakoaren arabera.
Helburua “sektorearen formazioari eta informazioari” bultzada ematea da “ostalaritza bere ohiko jarduerara itzuli arte”, azaldu du Benjamin Lana Gastronomikako arduradunetako bat.
Horretarako, webinar egutegi bat prestatu dute, tailerrekin, debateekin, hitzaldiekin eta elkarrizketekin. Edukiak sormenarekin, teknikekin, etorkizunerako gakoekin, enpresa-ekonomiarekin, negozio eredu berriekin, edo gastronomiari lotutako soziologiarekin erlazionatuta egongo dira. Sesioak goizean eta arratsaldean izango dira.
Izen-ematea
Sesio bakoitzean izena emateko Gastronomikako atari berrian dagoen galdetegia bete behar da.
Datozen asteetan sesio horietan izango dira, besteak beste, Jose Andres, sukaldaria eta World Central Kitchen pandemia garaian sortutako Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzailea, Dan Barber, Andoni Luis Aduriz, Carlo Cracco, Carme Ruscalleda, Jesús Sánchez, Mateu Casañas, Oriol Castro, Eduard Xatruch, Albert Adrià, David de Jorge, Álvaro Garrido, Óscar García edo Ricard Camarena.