Gizartea -
Hilketa Santutxun
Espetxean sartu dute Bilbon adineko bat hil zuen 81 urteko gizona
Gertakariak asteazken arratsaldean jazo ziren Santutxun. Akusatuak labankada eman zion biktimari, kalean eztabaida bat izan eta gero.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaileak espetxera bidali du Bilbon adineko bat hiltzeagatik asteazkenean atxilotutako 81 urteko gizona, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Basauriko kartzelan sartu dute, 22:00ak inguruan.
Gertakariak asteazken arratsaldean jazo ziren Santutxuko Santa Clara kalean. Akusatuak 81 urte ditu eta biktimak 82 urte zituen. Antza, eztabaida gogorra izan zuten eta lehendabizikoak labanaz eraso egin zion besteari.
Biktima berehala hil zen, eta erasotzailea ihesean joan zen. Alabaina, lekukoen testigantzari esker, Udaltzaingoak inguruan atxilotu zuen.
Atzeman zutenean ez zeraman soinean labana. Arma zuriaren bila hasi ziren orduan, baina oraingoz ez dute aurkitu.