Gizartea -

KORONABIRUSA

Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrolak egingo dituzte maiatzaren 1eko zubian

Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ere kontrolak areagotuko dituzte Euskadi eta Kantabria arteko mugan, zubian joan-etorriak saihesteko.

Udaltzainek mugikortasun-kontrola egiten, Bilbon. Argazkia: EFE
Udaltzainek mugikortasun-kontrola egiten, Bilbon
Udaltzainek mugikortasun-kontrola egiten, Bilbon. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta udaltzaingoek zaintza-kontrolak egingo dituzte maiatzaren 1eko zubian, konfinamendu-neurriak betetzen direla ziurtatzeko. Kontrol horiek egunez zein gauez egingo dituzte, asteburuan Euskadiko eta Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragozteko.

Bidaiarien garraioa zainduko dute, baita autobus eta tren geltokiak ere. Dispositiboek irteera ez ezik itzulerako ordutegiak eta ibilbideak ere kontrolatuko dituzte.Ertzaintzaren eta udaltzaingoen dispositiboen helburua da egungo alarma-egoeraren ondorio diren jarduera- eta mugimendu-murrizketak ziurtatzea, izan ere, debekatuta daude oporretako eta aisialdiko irteerak: konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar da.

Horretarako, patruilek frogaketak egingo dituzte debeku horiek betetzen direla ziurtatzeko. Kontrolak eta zaintza-lanak errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dituzte. 

Bidaiatzen duten pertsonei desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzea eskatu ahal izango zaie.

Konfinamendu-neurriak ez betetzeak zigorra ekar dezake, Herritarren Segurtasunerako Legearen arabera, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izango da eta kasu larrietan hortik gorakoa.

Horrez gain, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, udaltzaingoen laguntzarekin eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin batera, maiatzeko zubi honetan areagotu egingo dituzte errepide nagusietako kontrolak, eta, zehazki, Kantabriaren eta Euskadiren arteko mugan, joan-etorriak saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa