Gizartea -
Koronabirusa
Donostiako parkeak eta hondartzak larunbatean irekiko dituzte berriro
Haur-parkeek, aldiz, itxita jarraituko dute, Gipuzkoako hiriburuko Udalak gogora ekarri duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako parkeak eta hondartzak maiatzaren 2an irekiko dituzte berriro, larunbatarekin, herritarrak paseatzeko, konfinamendua malgutzeko Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien testuinguruan.
Ohar batean, Donostiako Udalak jakinarazi du hiriko parke historikoak (Ulia, Aiete, Urgull, Cristina Enea eta Ametzagaina) ere izango direla zabalik; hortaz, donostiarrek paseatzeko beste aukera bat izango dute. Haur-parkeek, baina, itxita jarraituko dute.
Gainera, Udalak gogorarazi duenez, gune horietan guztietan "orain arte konfinamenduan ezarritako segurtasun-neurriak kontuan hartuko beharko dira, eta arduraz ibili behar da". Beraz, pertsonen arteko tarteari eutsi beharko zaio, eta familia-unitateen arteko taldeak eta jolasak saihestu beharko dira.
Espainiako Gobernuak zehaztuko du jarduera guztiak nola gauzatu ahal diren. Baldintza guztiak beteta txakurrarekin paseatzeko hondartza edo parkea erabili nahi dutenek lotuta eraman beharko dute.