Gizartea -
KORONABIRUSA
EAEk proba bikoitza egingo die seroprebalentzia azterketako 5.000 herritarrei
Koronabirusaren hautemate gaitasuna handitzeko aukera ematen duen lankidetza hitzarmena sinatu dute Osasun Sailak eta EHUk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako seroprebalentzia azterketaren barruan COVID-19 proba azkarrak egingo zaizkien 5.000 euskal herritarrei bigarren PCR proba bat ere egin ahalko zaie, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) arteko lankidetza hitzarmen bati esker.
Gaur arratsaldean Nekane Balluerka EHUko errektorearekin akordioa sinatu ostean, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak hitzarmen horrekin "Euskadik koronabirusa atzemateko gaitasuna" zabaltzen duela nabarmendu du.
Akordioaren ondorioz, Osasun Ministerioak bultzatutako azterketan parte hartzeko hautatutako 5.000 herritarrei "proba azkar bat (serologikoa) egiteaz gain, PCR bat ere eskainiko zaie pertsona asintomatikoak atzeman eta horien bilakaera aztertzeko", sinatzaileek ohar baten bidez jakitera eman dutenez.
Osakidetzak astelehenean abian jarritako "seroprebalentzia azterketa osatzeko balioko du" hitzarmenak.
EHUko errektoreak nabarmendu duenez, hitzarmenak "formalizatu" egiten du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren eta EHUren arteko "lankidetza bizia eta emankorra", "PCR bidez laginak aztertzeko eta koronabirusa detektatzeko test bat eginda".
Unibertsitate publikoarekin duten "lankidetza estua" ere azpimarratu du Murga sailburuak.