Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetzatik kanpo COVID-19 probak egin ahal izateko baldintzak finkatu dituzte
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Osakidetzako laborategietatik kanpo egiten diren probak nola egin eta nola jakinarazi behar diren arautzeko agindu bat argitaratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Osasun Sailak Euskadiko osasun-zentro publiko zein pribatuek eta osasun-arlokoak ez diren baina ahalmen diagnostikoa duten zentroek COVID-19a detektatzeko probak egiteko baldintzak ezarri ditu.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Nekane Murga Osasun sailburuaren agindua argitaratu du asteazken honetan, Osakidetzako laborategietatik kanpo egiten diren probak nola egin eta nola jakinarazi behar diren arautzen duena.
Osasun-zentro pribatuetan, baliabideak "osatzeko" Eusko Jaurlaritzaren esku egongo direnak, probak "jardunean dagoen mediku batek" egin beharko ditu, eta "une bakoitzean indarrean dauden jarduera-prozeduretara" egokitu beharko da.
Gainera, zentroek egiaztatu egin beharko dute beren asistentzia-eskaintza baimenduak koronabirusa detektatzeko probak egiteko gaitzen dituela, eta Osasun Sailak proba horien prezioak finkatu ahal izango ditu "abusuzko egoerak saihesteko".
Eusko Jaurlaritzari "material diagnostikoaren erosketa oro" jakinarazi beharko zaio, hala nola "laginak hartzeko isipuak, birusen garraiobidea, inaktibazio-erreaktiboak, azido nukleikoen erauzketa-kitak edo PCR edo test diagnostiko eta proba serologiko azkarren erreakzioak".
Osasun-arlokoak ez diren baina diagnostikorako gaitasuna duten zentroen kasuan, probak egin ahal izateko balidazio bat lortu behar dute, era berean, "lortutako emaitzen balidazio teknikoa" lortu ahal izateko.
Hori da, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen kasua; izan ere, bi baliozkotze horiek egin ondoren, Osasun Sailarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu du, arlo horretan egiten duen ekarpena zehazteko.