Gizartea -

Koronabirusa

Hezkuntza Sailak Unibertsitateko tasak izoztu eta matrikula ordaintzea erraztuko du

Beka orokorra eskuratzeko beharrezkoa den gutxieneko nota murriztuko da unibertsitateko ikasketa guztietan.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa gelen artxibo irudia
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa gelen artxibo irudia
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketa gelen artxibo irudia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko eta Euskal Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kideei bidali dizkie 2020-2021 ikasturteari begira sustatu nahi dituen proposamenak. Proposamen horiek ostegun honetan egingo den bileran aztertuko dira, eta, besteak beste, unibertsitateko tasa guztiak izoztea eta matrikula ordaintzeko baldintzak erraztea izango dute helburu, COVID-19ak eragindako ondorio ekonomikoak jasaten ari diren ikasleei zuzenduta.

Hezkuntza Sailak, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bidez, salbuespenezko hainbat neurri prestatu ditu, eta horien helburua da "unibertsitate-ikasketetarako sarbidean ekitatea indartzea" eta COVID-19ak eragindako ondorio ekonomikoak jasaten ari diren ikasleei eta familiei laguntzea. Neurri guztiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin aztertuko dituzte, eta hurrengo ikasturteari begira ezarriko dituzte.

Unibertsitateko tasei dagokienez, proposamen globalak Euskadiko unibertsitateko prezio publiko guztiak izoztea aurreikusi du. Hezkuntza Sailak adierazi duenez, 2020-2021 ikasturteari begira, lehen matrikula berriz izozteaz gain, gradu, master eta doktoregoko bigarren eta hurrengo matrikuletara zabaltzea proposatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.

Aurreikusitako beste neurri bat 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoan emandako irakasgaien bigarren matrikulen prezioa murriztea da. Hala, salbuespen gisa, ikasturte honen azken lauhilekoan emandako irakasgai batean bigarren matrikula egin behar duten ikasleei prezioa murriztuko zaie.

Hain zuzen ere, bigarren matrikularen prezioa lehen matrikularekin parekatuko da. Hala, adibide gisa, Ingeniaritzako gradu bateko ikasle bati % 30,5eko murrizketa egingo zaio bigarren matrikularen ordainketan, eta Zuzenbide graduko ikasle batek % 31,2 aurreztuko luke. Modu berean, Gradu zein Masterreko ikasketa guztietan aplikatuko da.

Gainera, azken urteko doktoregoetako ikasleei salbuespen aldi horretako matrikularen prezioa konpentsatuko zaie. Doktoregoko ikasle batek ezin izan badu doktorego-tesia aurkeztu eta berriro matrikulatu behar bada, unibertsitate publikoak inolako kosturik gabe matrikulatuko du ikasle kaltetua, epe hori alarma-egoeraren iraupenarekin bat egiten badu.

Era berean, EHUk gradu eta graduondoko ikasketetako matrikulak ordaintzeko baldintzak aurkeztuko ditu; hala, orain arte ikasturtearen hasieran tasaren % 50 eta abenduan bete % 50 ordaindu ahal bazen, datorren ikasturtean ehunekoak % 30 eta % 70 izango dira, hurrenez hurren.

Bekak

Hezkuntza Sailak zenbait berrikuntza bultzatzea erabaki du Unibertsitatean ikasteko beka eta laguntzen alorrean, birusak eragindako krisiaren aurrean familiei laguntzeko.

Hain zuzen ere, beka orokorra eskuratzeko beharrezkoa den gutxieneko nota murriztuko da, unibertsitateko ikasketa guztietan. Euskadin, beka orokor bat jaso ahal izateko behar den batez besteko nota 5,0 izan da azken urteetan, graduen kasuan.

Orain, Hezkuntza Sailak baldintza bera aplikatuko du (5,0ko batez besteko nota), masterreko titulazioetarako (orain arte eskatzen zen nota 6,0koa zen, edo 6,5ekoa, master profesionalizatzailea den edo ez kontuan hartuta).

Gainera, ikasleen errendimendu akademikoan Covid-19 osasun-larrialdiaren ikuspegia txertatuko da, eta ikasteko bekak eta laguntzak ikasleen errendimendu akademikoaren irizpideen arabera emango dira.

Berrikuntza gisa, 2019-2020 ikasturteko bigarren lauhilekoan osorik emandako irakasgaiak errendimendu akademikotik kanpo uzteko aukera izango dute ikasleek.

Bestalde, ikasteko bekak eta laguntzak aurreko urteko zerga aitorpenarekin alderatuta familia unitatearen diru sarreren arabera emango direla azaldu du Hezkuntza Sailak.

Berritasun gisa, Covid-19 epidemiari dagokionez, koefiziente zuzentzaile murriztaile bat aplikatuko da familia-unitatearen 2019ko errentaren gainean, langabezia-egoerei, ERTEei edo autonomoen kolektiboari lotutakoei dagokienez, alarma-egoeraren eta osasun-larrialdiko egoeraren iraupenaren proportzioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa