Gizartea -
Koronabirusa
Konfinamenduaren biguntzea lau fasetan eta probintziaka egingo da
Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko plana onartu du. Ekaina bukaera arte luzatuko dela aurreikusi dute eta denbora tarte horretan galarazita egongo da probintzia batetik bestera mugitzea.
EITB.EUS
Espainiako Gobernuak konfinamendua biguntzeko plana onartu du astearte honetan. "Normaltasun berri baterako Trantsizio Plana" deitu diote, eta Pedro Sanchezek agerraldia egin du arratsaldean xehetasun guztiak azaltzeko.
Konfinamendua arintzeko prozesua mailakatua izango da, probintziaz probintzia egingo dute eta dena Espainiako Osasun Ministerioarekin koordinatuta gauzatuko da.
Prozesuak lau fase izango ditu eta fase bakoitzak gutxienez bi asteko iraupena izango duela aurreikusi dute, betiere koronabirusaren bilakaeraren arabera.
Fase batetik bestera pasatzeko osasun erakundeek emandako datu objektiboak hartuko dituzte kontutan eta irizpide horiek berdinak izango dira lurralde guztietan. Horrez gain, prozesu guztia burutu arte galarazita egongo da probintzia batetik bestera joatea, lanerako ez bada behintzat.
Zero fasea maiatzaren 4an jarriko dute martxan Estatuko probintzia guztietan, tartean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Gauzak horrela, dena ondo bidean eta pandemia lurralde guztietan kontrolpean baldin badago, konfinamendutik irteteko prozesua ekaina bukaera arte luzatuko litzateke.
Ildo horretan, aipatzekoa da Balearretako eta Kanarietako lau isletan lehen fasean sartuko direla maiatzaren 4an, lurralde horietan koronabirusaren eragina askoz txikiagoa delako.
Zero fasean –oraingo fasea- sartzen diren jarduerak hauek dira: haurren irteera, adinekoek kalean kirola egitea eta establezimendu txikien irekiera, aurretiazko hitzorduarekin bada. Azken kasu horretan janaria etxera eramateko taberna eta jatetxeak aipatu ditu adibide moduan Sanchezek.
Horrez gain, kirolari profesionalek eta federatuek bakarka entrenatzeko baimena izango dute, eta lehen fasean hainbat baldintzarekin irekitzeko aukera izango dute lokal publikoak zeintzuk izango diren zehaztuko dute.
Lehenengo fasea maiatzaren 11an abiatuko da eta merkatari txikiek eta ostalariek beren negozioak irekitzeko baimena izango dute, segurtasun neurri zorrotzak hartuta eta adineko pertsonei zerbitzua emateko ordutegi bereziak ezarrita. Saltoki handiek, berriz, ezingo dute ireki.
Tabernen kasuan, terrazak jartzea ahalbidetuko dute, baina % 40ko mugarekin.
Hotelak, ostatuak eta nekazaritza-etxeak ere fase honetan zabalduko dira, baina zona komunak itxita izango dituzte eta baldintza zorrotzak ezarriko dizkiete.
Bigarren fasean, establezimenduek gehienez har dezaketen pertsona kopurua mugatuta izango dute; eta hirugarren fasean, herritarren joan-etorriak arinduko dira, baina derrigorrezkoa izango da pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea eta maskara erabiltzea gomendatuko dute.
Laugarren fasean sartzean abiatuko dugu "normaltasun berriaren" aroa. Sanchezek zehaztu du koronabirusaren aurkako txertoa edo pandemiari aurre egiteko sendagairen bat sortu bitartean egongo dela indarrean fase hori.
Alarma-egoera
Bestalde, Pedro Sanchezek iragarri du aurrez aurreko eskolarik ez dela izango iraila arte. Klase telematikoak ekainean amaituko dira, eta ikastetxeak laguntza berezia behar duten ikasleentzat edota gurasoen kontziliazioa bermatzeko soilik irekiko dira.
Ildo beretik, etxetik lan egiteko gomendioari eusten zaio, gutxienez hirugarren fasean egon arte.
Amaitzeko, Sanchezek jakinarazi du alarma egoera maiatzaren 10etik aurrera beste 15 egunez luzatzea eskatuko duela Kongresuan. Ez du argitu, baina, luzamendu gehiago eskatuko dituen ekaina bukaerara iritsi bitartean.