Gizartea -

Gipuzkoako Auzitegia

Beste bi urtez luzatu diote Kote Cabezudo argazkilariari behin-behineko espetxealdia

Hainbat emakumeri gehiegikeriak egin izana eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat delitu egotzita auzipetu zuten argazkilari donostiarra. 2018ko maiatzean sartu zuten kartzelan.

Kote Cabezudoren biktimen aldeko bilkura bat. Artxiboko argazkia: EFE
Kote Cabezudoren biktimen aldeko bilkura bat.
Kote Cabezudoren biktimen aldeko bilkura bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Auzitegiak beste bi urtez luzatu dio behin-behineko espetxealdia Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari. Modeloei gehiegikeriak egiteagatik, iruzurragatik eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat delitu egotzita dago auzipetuta.

Cabezudo 2018ko maiatzaren 4an eraman zuten Martuteneko kartzelara. Behin-behineko espetxealdian bi urte betetzear dagoenez, haren egoera aztertu behar izan dute, eta epai-mahaiak kartzelaldi probisionala beste bi urtez luzatzea erabaki du, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskariak onartuta. Behin-behineko espetxealdia lau urtekoa izan daiteke gehienez.

Cabezudorena auzi konplexua da. Kasu nagusia 2013an abiatu zuten, argazkilariari 47 delitu leporatuta, horietako hainbat bere modeloen sexu-askatasuna urratzeagatik.

Kasu horietatik beste batzuk eratorri dira, larrienak hauek: epaileek esandako ez betetzea, biktimak behartzen saiatzea eta justiziaren lana oztopatzea.

Behin-behineko espetxealdia berrikusteko saioa apirilaren 22an egin zuten. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak preso jarrai zezala eskatu zuten, bere kontrako froga asko daudela eta ihes egiteko arriskua dagoela iritzita.

Halaber, libre geratuz gero, biktimen kontra egin dezakeela ohartarazi zuten, lekuko bat beldurrarazten –biluzik ageri den argazki bat zabaldu zuen sare sozial batean- saiatu zela gogoratuta.

Defentsako abokatuak, berriz, aske uzteko galdegin zuen, behin behineko espetxealdian mantentzeko arrazoi nahikoa ematen ez direla argudiatuta.

Horrez gain, kautelazko neurri guztiak bete zituela eta epaitegira deitu duten guztietan joan zela azpimarratu zuen. 72 urte dituela, adin txikiko alaba bat daukala eta Donostian errotuta dagoela ere aipatu zuen haren abokatuak.  

Amaitzeko, koronabirusaren pandemiagatik bizi dugun alarma egoeraren ondorioz Cabezudok inora ihes egitea ezinezkoa dela nabarmendu zuen.

Hala eta guztiz ere, Gipuzkako Auzitegiak argudio horiek guztiak baztertu eta akusazio partikularraren eta Fiskaltzaren eskaria onartu zuen, argazkilari donostiarraren kontrako zantzu asko daudela kontuan hartuta.

 

     

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak