Gizartea -

Koronabirusa

Salaketak eta prozesu berrien gaineko idatziak jasotzen hasi dira gaur epaitegiak

Hitzordua aurretiaz jartzeko sistemari esker, lan-arloko jurisdikzioan edo jurisdikzio zibilean demandak aurkez daitezke jada, gaiak presazkoak eta atzeraezinak izan behar gabe.

EAEko Auzitegi Nagusia itxita, Bilbon. Argazkia: EFE
EAEko Auzitegi Nagusia itxita, Bilbon.
EAEko Auzitegi Nagusia itxita, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak aurretiazko hitzorduaren sistema jarri dute martxan, eta, ondorioz prozedura judizialak hasteko idatziak aurkeztu ahal izango dira gaurtik aurrera.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, sistema berri horrek alarma-egoera hasi zenetik funtsezko zerbitzuek jasotzen zituzten premiazko eta atzeraezinezko gaiekin zerikusirik ez duten prozedura judizialen hasierako dokumentuak aurkezteko aukera emango die zuzenbideko profesionalei eta herritarrei.

Sistema berriari esker, herritarrek, abokatuek zein prokuradoreek demandak aurkez ditzakete lan-arloko jurisdikzioan edo jurisdikzio zibilean, azken kasu horretan zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada betiere. Hitzordua eskatu nahi dutenek eguna eta ordua aukeratu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren webgunearen bidez, eta, ondoren, hitzordu horren egiaztagiri batekin joan beharko dute epaitegira, dokumentuak aurrez aurre entregatzera.

Sistema berri horrekin, epaitegien jarduera geldiaraztea saihestu nahi da, prozeduren hasierari dagokionez, eta, aldi berean, justizia-jauregien barruan osasun-agintariek gomendatutako urruntze-neurriak bermatzea, koronabirusa hedatzea saihesteko.

Horrela, eta osasun-alertak irauten duen bitartean, "idazkiak neurrira aurkezteko" eskatu du EAEANk. Hala, "banaketa bideragarriagoa egiteko helburuarekin, asteko hitzordu bakarra eta hitzorduko gehienez lau idatzi onartuko dira. Aste batean hitzordu bat izanik beste bat eskatu duten profesionalei idazkien aurkezpena blokeatzeko aukera egongo da".

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren arabera, pertsona bakarra joan ahalko da hitzordu bakoitzera, eta ezingo da eraikinera sartu ezarritako ordua baino bost minutu lehenago. Eraikinean sartzeko, ezinbestekoa izango da hitzorduaren egiaztagiria erakustea.

Bestalde, EAEko justizia-jauregietan lan egiten duten funtzionarioek, funtsezko zerbitzuak bere gain hartzen dituzten gainerako langileek bezala, norbera babesteko neurriak izango dituzte COVID-19 gaitza saihesteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo/eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera EAEko Auzitegi Nagusia hoy