Gizartea -

KORONABIRUSA

Behera egin du kutsatu kopuruak Arabako eta Gipuzkoako egoitzetan: 281 eta 195 dira

Hiru pertsona hil dira Gipuzkoako egoitzetan azken orduetan; Arabako egoitzetan, aldiz, hirugarren egunez jarraian, ez da inor hil.

Arabako egoitzetan ez da inor hil, hirugarren egunez jarraian. Argazkia: EFE
Arabako egoitzetan ez da inor hil, hirugarren egunez jarraian.
Arabako egoitzetan ez da inor hil, hirugarren egunez jarraian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bizi ziren hiru pertsona hil dira azken 48 orduetan COVID-19aren ondorioz. Datu positibo gisa, ez da kasu positiborik atzeman denbora tarte horretan.

Gipuzkoako adinekoen arretarako egoitza-sarean 65 zentro daude, eta guztira 5.425 pertsona bizi dira horietan. Koronabirusarekin kutsatu direnetatik 193 pertsonak gainditu dute gaitza, 156 hil egin dira eta 195ek positibo eman dute.

Eibarko San Andres, Arrasateko Iturbide eta Donostiako Berra egoitzetan gertatu dira azken heriotzak.

Oraindik ere, 15 egoitzak dituzte COVID-19 kasu positiboak Gipuzkoan, 29 adinekok Gurutze Gorriaren Donostiako zentro soziosanitarioan jarraitzen dute eta 32k ospitalean.

Bestalde, Arabako adinekoen egoitzetan ez da COVID-19ak eragindako heriotzarik izan hirugarren egunez jarraian, eta kutsatutakoen kopuruak behera egiten jarraitzen du (281). 275 pertsona egoitzetan bertan artatzen ari dira, eta 6 ospitalera eraman behar izan dituzte, osasun egoera larrian zeudelako.

Era berean, errekuperatutakoen kopuruak gora egin du, eta 122 dira gaixotasuna gainditu duten egoiliarrak, aurreko eguneratzean baino zortzi gehiago.

Osasun-krisia hasi zenetik 134 heriotza zenbatu dira guztira egoitza-zentroetan eta ospitaleetan. Horietatik 72 zentro pribatuetan bizi ziren, 60 foru egoitzetan eta 2 20.000 biztanletik beherako udalerrietako ekipamenduetan.

Desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan, kasu positiboak murriztu egin dira (30) eta 2 pertsona daude ospitaleratuta.

Bizkaiko egoitzei dagokienez, 880 pertsonak eman dute positibo koronabirusean, aurreko ostiralean baino 6 gutxiagok. Horietatik 105 ospitaleratuta daude eta 270 sendatu dira.

Gainera, 341 langile daude kutsatuta eta beste 230 bakartuta, testik egin gabe.

Apirilaren 16an eman zuen azkenekoz hildakoen datua Bizkaiko Foru Aldundiak: 157 heriotza baieztatu zituen orduan, eta beste 20 "susmopean" zeudela adierazi zuen Rementeria ahaldun nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Adinekoak gaurko berriak