Gizartea -
Koronabirusa
Maiatzaren 2tik aurrera kirola egitera irteteko aukera iragarri du Sanchezek
Ariketa fisikoa egin eta paseatu ahalko dute herritarrek, hori bai, Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzapean eta epidemiak okerrera egiten ez badu.
eitb.eus
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak larunbat honetan iragarri duenez, 14 urtetik beherako haurren irteerak ez baitu kutsatze kopurua handitzen, maiatzaren 2az geroztik herritarrak arikera fisikoa egitera eta paseatzera atera ahalko dira kalera.
Igande honetatik aurrera 14 urtetik beherako umeek irteera txikiak egingo dituzte Espainiar Estatuan, etxeko heldu batekin. Hortaz, "erantzukizun eta segurtasun osoz jarduteko" eskatu die Sanchezek familiei Moncloatik egindako agerraldian.
Irteera horiek egiteko baldintzak "zorrotz betetzea funtsezkoa" dela azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak, etxetik irtetzen direnak ez kutsatzeko eta, ondorioz, gainerakoak ez kutsatzeko ere.
Sanchezek iragarri duenez, "zuhurtzia hori" berresten bada, eta hori hala izango den zalantzarik ez daukala dio, neurrien malgutze progresiboa izango da. Gauzak horrela, eta epidemiaren hedatzeak kontrolpean jarraitzen badu, maiatzaren 2az geroztik, ariketa fisikoa egitera eta paseoak ematera atera ahalko dira herritarrak.
"Ekintza eta mugikortasun soziala ez ditugu bat-batean berreskuratuko, faseka baizik", azaldu du Sanchezek. "Abiapuntua hau izango da: herrialde gisa batera sartu gara, eta batera aterako gara", gaineratu du.
"Trantsizio bigarren aro honetan, lehenengoan bezala, arrisku asko daude", azpimarratu du, "ez daukagu hutsik gabeko gidalibururik".
Deseskalatzea, Ministroen Kontseiluan
Bestalde, Sanchezek iragarri duenez, deseskalatze plana eramango du astearte honetan Ministroen Kontseilura. Horren hitzetan, deseskalatzea "pixkanakakoa, asimetrikoa eta koordinatua" izango da maiatzean zehar, eta "zuhurtzia" oinarri izanda.
Sanchezek azaldu duenez, deseskalatzea desberdina izango da Erkidego bakoitzean, baina "arau berdinekin jokatuko dugu", izan ere, "birusak ez baitu muga administratiborik". Bete beharrezko adierazle batzuk gidatuko dute deseskalatze prozesua, herritarrek ezagutu ditzaten ezarriko diren "helburu objektiboak".