Gizartea -
Koronabirusa
Konfinamendua hausteagatik EAEn ezarritako zigor kopuruak behera egin du
Segurtasun sailburuordeak azpimarratu duenez, alarma egoerak agindutako konfinamendua betetzen ari dira herritar gehienak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak azaldu duenez, konfinamendua hausteagatik EAEn ezarritako zigor kopuruak behera egin du, izan ere, alarma egoerak agindutako konfinamendua betetzen ari dira herritar gehienak.
Koronabirusaren pandemia dela eta, alarma egoerak ezarritako murrizketen gainean Ertzaintzaren ekintzak aztertu ditu Zubiagak, Cadena Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketan. Adierazi duenez, azken egunetan behera egin dute konfinamendua urratzeagatik ezarritako zigorrak. Dena dela, "garrantzitsuena ez da arau-haustea, konfinamendua eta distantzia errespetatzea baizik".
"Euskal herritar gehienak arauak betetzen ari direla da funtsezkoa", azpimarratu du. "Kontua ez da diru biltzea, araua betetzea baizik", gaineratu du.
Zubiagaren iritzian, gizarteak Ertzaintza errespetatzen du eta, alarma egoera bete dezaten, jendea konbentzitzeko agenteek egindako lana goratu du. Hala ere, behin eta berriro legea urratzen dutenentzako "legezko bideak dauzka Ertzaintzak, bide penalera ere irits daitezkeenak".
Amaitzeko, Zubiagak argitu duenez, egindako atxiloketak dira "ia bete-betean agenteak desobeditzeagatik eta, beste kasu zehatz batzuetan, agenteei eraso egiteagatik".
Atxilotuak eta salaketak
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek bost lagun atxilotu eta beste 299 salatu dituzte ostiral honetan alarma egoeragatik ezarritako neurriak urratzea leporatuta, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak 684 lagun identifikatu ditu, eta 1.197 ibilgailu atzeman. Kontroletan 123 salaketa aurkeztu dituzte egungo mugikortasun murrizketak hausteagatik. Bestalde, EAEko Udaltzaingoek 1.201 pertsona identifikatu dituzte, eta 2.302 auto antzeman. Ostiralean zehar 176 isun jarri dituzte.