Gizartea -
KORONABULOAK
COVID-19ari aurre egiteko balio ez duten produktu miragarriak eta etxeko sendabideak
Koronabuloak ekimenean, koronabirusarekin lotutako hainbat albiste faltsu ari gara ezeztatzen; tartean, gaitza ekiditeko gai ez diren 'produktu miragarriak zein etxeko sendabideak' daude.
EITB
Koronabirus berriaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko EiTBk abian jarri duen #Koronabuloak ekimenetik, COVID-19 gaitza hartzeko arriskua murrizten edo gaitza sendatzen duten balizko sendabideei buruzko hainbat eduki jorratu ditugu dagoeneko.
Esate baterako, inolako ebidentzia zientifikotan oinarritzen ez diren sasi-sendabide horien artean, besteak beste, lurrun arnasketak egitearen mesedeaz edota teak eta kafeak dituzten ezaugarri sendagarriez hitz egiten dutenak daude. Horien gehienen berri egitasmo honetarako propio martxan jarri den 600 900 454 WhatsApp zenbakira erabiltzaileek bidaltzen dituzten mezuei esker izaten dugu.
Zeregin horretan, Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecanica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.
Hartara, jarraian, 'produktu miragarriak eta etxeko sendabideak' taldean sailkatu ahal diren koronabuloak daude jasota:
- Lurrun arnasketak egiteak ez du koronabirusa saihesten
Mario Pesaresi YouTubeko bideoan. Argazkia: Maldita.es
YouTubeko bideo batek COVID-19 gaitzaren aurka "funtziona dezakeen etxeko erremedio" bat aipatzen du: lurrunak egitea edo ur beroaren lurruna arnastea. Mario Pesaresi ginekologo argentinarra da 'sendabideaz' hitz egiten duena.
- Ez kafeak ez teak ez dute koronabirusa sendatzen
Kafearen buloaz ari den WhatsAppeko mezuaren irudia. Argazkia: EiTB
WhatsApp bidez biral bihurtutako bi mezuren arabera, kafeak eta teak propietate miragarriak dituzte, eta koronabirusak eragiten duen gaitza sendatzeko gai lirateke, "egunean hiru katilukada" hartuz gero. Mezuan produktu horiek ez dituzten substantzia batzuk aipatzen dira, eta berri hori CNN kateak zabaldu duela esanez "biribiltzen" du zentzugabekeria hori.
- Ez dira izpi ultramoreak erabili behar azala desinfektatzeko COVID-19aren aurrean
Osasun-langile bat argi ultramoreko gailu baten funtzionamendua ikuskatzen. Argazkia: Efe
Birusaren aurka eraginkorra ez izateaz gain, argi ultramorea txarra izan daiteke azalarentzat, Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi duenez, eta adituek diote ez dela gomendagarria etxea desinfektatzeko ere.
- Ez nikotinak ez are gutxiago erretzeak ez dute koronabirusetik babesten
Ez dago frogatuta nikotinak koronabirusaren aurrean babesten duenik. Argazkia: EFE
Medikuek ohartarazi dutenez, gauza bat tabakismoa da, eta beste bat nikotinaren ustezko erabilera terapeutikoari buruzko hipotesia, Frantzian iradoki dutena.
- Ez, anana, limoia edo ahuakatea jateak ez gaitu babesten koronabirusaren aurrean
Anana erre baten irudia. Argazkia. EITB
Elikagaien pHak ez du aldatzen gure gorputzarena, izan ere, azken hori aldagaitza da. Hortaz, jaki alkalinoagoak kontsumitzeak ez digu laguntzen COVID-19 gaitza prebenitzen.
- Ez, ardoa edo alkohola kontsumitzeak ez du koronabirusetik babesten laguntzen
Ardo kopa bat botila baten ondoan. Argazkia: Pixabay (Congerdesign)
Espainiako Enologia Federazioaren ohar batek COVID-19aren aurka ardoak izan ditzakeen onurei buruzko interpretazio okerrak eragin zituen. Adituek ez dute "oinarri zientifikorik" ikusten horretan.
- Ez, slip-babesek ez dute maskaren eraginkortasuna sendotzen
Slip-babes bat maskara baten barruan. Argazkia. EITB
WhatsApp bidez hedatutako bideo batek maskara kirurgikoen barnealdean slip-babesa jartzea proposatzen du, haien eraginkortasuna handitu eta "FPP2 edo FFP3 maskaren baliokideak" bihur daitezen.
- Ezin zaitezke adimenarekin sendatu, edo zelulak zein immunitate-sistema kontrolatu
Miranda Makaroff, adimenaren ahalmenaz hitz egiten Instagrameko bideoan. Argazkia: EiTB
Miranda Makaroff Instagrameko influencer baten aburuz, "gure immunitate-sistema eta zelulak garunaren bidez kontrolatu eta sendatzen irakatsi beharko ligukete". Zientifikoki frogagarria da hori ezinezkoa dela.
- MMS edo sodio kloritoak ez du koronabirusa sendatzen, eta arriskutsua eta ilegala da
Josep Pàmies, COVID-19ren aurrean MMSren onurei buruz hitz egiten duen bideo batean. Argazkia: EiTB
Bideo batean koronabirusa 24 ordutan osatzeko sendagai gisa aurkeztu duten MMS (Miracle Mineral Solution – Soluzio Mineral Miragarria) edo sodio kloritoak ezein gaitzi aurre egiteko balio duela esateko ebidentzia zientifikorik ez dago. Poliziak ohartarazi du substantzia arriskutsua eta legez kanpokoa dela. Gainera, Kataluniako Medikuen Elkargoak salaketa jarri du horren sustatzaileen aurka.
- Ez dago eukaliptoak COVID-19ari aurre egiteko balio duela dioen azterlanik
Habanako Unibertsitateak eukaliptoaz egindako ustezko ikerketa bati buruzko mezua. Argazkia: EiTB
WhatsAppez asko hedatu den mezu baten esanetan, Habanako Unibertsitateak ikerketa bat egin du eukaliptoak koronabirusari kontra egiteko duen gaitasunaz, baina ez da egia, egundaino ez baitago eukaliptoaren ahalmen biruzida aztertu duen ikerlanik.
- Ustezko institutu batek egindako gomendioen itxura zientifikoa
Bulo bat den koronabirusari buruzko informazioa duen PDF bateko orrialdea. Argazkia: EiTB
WhatsAppetik zehar biralizatutako PDF batek SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko moduaz informazioa eskaintzen du, balizko oinarri zientifikoa duena, baina ez da hala. Koronabirusaren alderdi errealak eta egiazkoak ez diren baieztapenak nahasten dira bertan.
- Faltsuak dira Unicefen izenean zabaldu diren koronabirusaren aurkako aholkuak
Unicefen izenean koronabirusari buruz zabaldutako argibide faltsuak. Argazkia: EiTB
Unicefen logoa baliatuta, koronabirusari aurre egiteko argibideak ematen dituzten irudi batzuk erabat faltsuak dira, haurren eskubideak defendatzen dituen erakundeak berak baieztatu duen bezala. Aipatu irudiak mundu osoan zabaldu dira berriki, hainbat hizkuntzatan plazaratzen baitituzte azalpenak.
- Ur epelarekin gargarak egiteak ez du koronabirusa hartzea eragozten
OPSek gargaren buloa gezurtatzeko erabilitako irudia. Argazkia: @opsoms
Irakuzketek eta ur epelarekin gargarak egiteak koronabirusa hartzea eragozten duela zabaldu da WhatsApp eta zenbait sare sozialen bitartez, baina gezurra da, eta ez du oinarri zientifikorik.