Gizartea -

ELkarrizketa

"Gurasoek lasaitasuna eta segurtasuna erakutsi behar diete haurrei"

Juan Carlos Alonso psikologoak haurren konfinamenduari eta kalera ateratzeko prozesuari buruzko gakoak eman dizkigu eitb.eus-i eskainitako elkarrizketa honetan.

Haur bat, amarekin, Iruñeko kaleetan. Argazkia: Efe
Haur bat, amarekin, Iruñeko kaleetan. Argazkia: Efe
Haur bat, amarekin, Iruñeko kaleetan. Argazkia: Efe

Manu Gimenez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiralean agindua Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu, larunbatean Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta igandean haurrak kalera aterako dira aspaldiko partez, koronabirusagatik ezarritako konfinamenduaren deseskalatze prozesuaren lehenengo neurri gisa.

Ordubeteko "txango" horien prozesua kudeatzen ere jakin beharra dago, bai haurren bai gurasoen aldetik, eta horregatik Juan Carlos Alonso psikologo eta hezitzaile errenteriarrarengana jo dugu, datozen egunotan biziko dugun egoera berriaren gakoetako batzuk azal ditzan.

Konfinamenduaren deseskalatzearen atarian gaude. Haurrak igandetik aurrera kalera atera ahal izango dira. Gogo handia dago horretarako haur eta gurasoen artean, baina nola kudeatu behar da hori modu lasaian egiteko?

Egoera honetan agerian geratu da gizartearen ardura kolektiboa, ikusi dugulako gure edo gureak diren pertsonen osasuna dagoela jokoan. Zentzu batean, beldurra izan da orain arte kontrol sozialerako elementuetako bat. Baina aurrerantzean beldurrez ez, arduraz jokatu behar dugu. Horregatik, deseskalatze prozesuan, helduek "lehen" genuen normaltasunaren txipa aldatu behar dugu. Normaltasun hori berreskuratzea luzerako joango denez, zuhurtasunez jokatu beharrean gaude.

Baina, haurrei nola azaldu behar zaie zer egin dezaketen eta zer ez? Nola azaldu behar zaie datorrena oraingoz ez dela egoera normala?

Egoera ezezagun batean sartuko gara, eta horretarako arau eta muga berri batzuk argi ezarri eta bete behar dira, bai haurren bai helduen kasuan, gizarteko esparru guztietan: lanean, eskoletan, kalean, jatetxean, aisialdian, kiroldegietan… Helduok araudi hori argi dugunean eta betetzen dugunean, haurrei azaldu behar zaie, zehatz-mehatz jakin behar baitute zer egin dezaketen eta zer ez.

Horretarako, ezinbestekoa da helduek islatzen duten segurtasuna eta oreka psikoemozionala, beraientzat euskarri psikologikoak dira. Gurasoek beldurra eta urduritasuna azaltzen badute, seguru haurrei kutsatuko dietela.

Haurrak egon dira aldarrikapenen erdian, haiek, beste inork baino gehiago, kalera ateratzeko eskubidea beharko luketela aldarrikatu da. Horrela al da? Haiek al dira behar handiena dutenak psikologikoki?

Haurrak maiz "erabiltzen" ditugu edozein aldarrikapen egiteko. Zentzu horretan, presio sozialaren ondorioz, eztabaidaren erdian jarri da umeek kalera ateratzeko duten eskubidea, bai. Batzuetan, haurren ahotan jartzen ditugu berez helduenak diren beharrak. Baina haurrek helduok uste duguna baino ahalmen handiagoa dute egoera latzetara egokitzeko. Maiz, haurrek harritu egiten gaituzte, positiboki, eta heldu askok baino hobeto daramate egoera. Egia da umeak eta umeak daudela, batzuek behar handiagoa izango dute besteek baino, ezaugarri pertsonal edo familiarrengatik; eta normaltasuna berreskuratzeko prozesuan, ongi iruditzen zait haurrei etxeko ateak pixkanaka irekitzea.

Nola ikusten dituzu gurasoak etxean haurrekin itxita? Zein aholku emango zenieke?

Hilabete eta erdi daramagun egoera honetan, gehienek martxa modu egokian daramatela esango nuke. Denboraren eraginez, normala da monotonia, saturazioa eta nekea nagusitzen hastea. Ez gaude ohituta elkarrekin hainbeste ordu egoten.

Nik aholkatuko nieke segurtasuna eta lasaitasuna islatzen jarraitzea, haurrentzat segurtasun irudiak garelako. Nahiz eta gurasoen eta, orokorrean, heldu askoren emozioak puri-purian egon (beldurrak, haserreak, amorrua, antsietatea, etorkizunarekiko ziurgabetasuna…), orain, inoiz baino gehiago, emozioen kudeaketa eta kontrol emozionala behar-beharrezkoak dira familian.

Bestalde, errutinekin eta ordutegi erregularrekin jarraitzea aholkatuko nieke. Ikasturtearen azkeneko txanpan ere bagaudenez, eskolako lanekin jarraitu eta euren autonomia garatu. Etxeko ardurekin jarraitu, adinaren arabera, logela txukundu, jantzi, garbiketa, janaria prestatzen lagundu… Hau da, etxeko arauei eutsi, baina malgutasun handiagoarekin.

Umeak distraituta eta denbora guztian zereginetan edukitzea ona da? 

Nahiz eta haurrek jolastu eta mugitu behar duten, kontuan izanik hemendik aurrera egunero ordubete kalera ateratzeko aukera izango dutela, umeak ez gain-estimulatzea eta ez hipereszitatzea gomendatuko nuke. Horregatik, teknologia berrien erabilpenari muga batzuk jarri behar dizkiegu. Kontuz jokoen eta ekintzen saturazioarekin. Egoera honetan bereziki, haurrek guraso lasaigarriak behar dituzte estimulatzaileak baino gehiago.

Era berean, haurrei logelan bakarrik egoteko aukera ere emango nieke, lasaitasunez marraztu edo irakur dezaten, eta zergatik ez, asper daitezen, euren sentimenduekin konektatzeko.

Haurretara mugatu da ia eztabaida sozial osoa, eta badaude kalera ateratzeko behar handia duten beste sektore batzuk. Zeintzuk sartuko zenituzke zaku horretan?

Dagoeneko denok gaude kalera ateratzeko irrikaz. Denok behar dugu kalera atera, haizea eta eguzki goxoa zuzenean dastatzera, udaberrian gaudela eta egunak luzatzen ari direla kontuan izanda batez ere. Baina frustrazioari eustea dagokigu, bai haurrei, bai helduei, bai adinekoei.

Dena dela, ez nuke bereizketarik egingo adinaren arabera, ez nuke irizpide hori erabiliko. Behar fisiko edo psikologiko handiena dutenak jarriko nituzke lehen lerroan, osasun fisikoarekin edo psikoemozionalarekin arazoak dituztenak bereziki. Hau da, ume autistekin egin zen gauza bera egitea mugimendua ezinbesteko dutenekin, arazo psikologiko jakin batzuk dituztenekin, tratu txarrak jasateko arriskuan daudenekin…

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE albisteak Espainia bideoak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Koronabirusa olatu berria Gurasoak