Gizartea -
Koronabirusa
Maiatzean zenbait ikastetxe, denda eta ekoizte-zentro zabaltzea proposatu du Urkulluk
Maiatzaren bigarren hamabostaldian izango litzateke. Gainera, "birusarekin denbora luzean bizitzeko prest" egon behar dugula eta "birusa berragertzearen aukera" onartu behar dela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Maiatzeko bigarren hamabostalditik aurrera zenbait ikastetxek, dendak eta ekoizte-zentrok ateak irekitzeko aukera izatea proposatu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Hezkuntzan, derrigorrezko bigarren hezkuntzako laugarren mailako ikasleek, batxilergoko lehen eta bigarren mailakoek eta Heziketa Profesionalekoek klasera joatea da asmoa, denda txikiak zabaltzen joatea, eta eraikuntza sektorea eta ekoizte-zentroak pixkanaka martxan jartzea.
Halaber, lehendakariak kultura zentroak, antzokiak eta museoak zabaltzea eta kulturarekin, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako ekitaldiak antolatu ahal izatea proposatu du, baina murrizketekin, beti ere.
Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldian, lehendakaria Normaltasun Berrira Trantsizioa egiteko Planaz aritu da, eta zientziako eta osasungintzako agintarien hipotesiei jarraituz, "birusarekin denbora luzez bizitzeko prest" egon behar dugula adierazi du. Era berean, "birusa berragertzea eta kutsatze berriak egotea" posiblea dela onartu behar dela esan du gaitzaren aurkako "txerto edo tratamendu eraginkorra lortu arte".
Urkulluk azaldu duenez, helburu nagusia da birusaren berragertzeek Euskadiko osasun sistemak "gainezka" egitea eta "normaltasunaren bidean oztopoak jartzea" saihestea dela.
Lehendakariak ziurtatu egin du lehen faseko hiru proposamenak ondorengoak direla: 14 urtez azpikoak heldu batekin etxetik ateratzea, kalean banaka eta mugatutako denboran kirola egin ahal izatea eta Administrazio publikoko langileak mailaka lantokira joaten hastea.
Hezkuntza presentziala
Jaurlaritzako buruak gainera du maiatzeko bigarren hamabostalditik aurrera beste neurri batzuk hartuko direla; halaber, bigarren hezkuntzako 4. mailako, batxilergoko lehenengo eta bigarren mailetako eta Heziketa Profesionaleko ikasleak klasera joatea.
Denda txikiak zabaltzea
Ondoren, merkataritza denda txikiak zabaltzeko aukera aipatu du, ileapaindegiak barne, baina ez tabernak, jatetxeak edota aisialdirako lokalak. Lehendakariak zehaztu egin du denda txikien kasuan supermerkatuetan hartzen diren segurtasun neurri berak errespetatu beharko direla: banan-banan sartzea, inguruko dendetara bakarrik joatea eta beharrezkoa de gutxieneko denboran.
Kultura zentroak, antzokiak eta museoak
Ekoizte-zentroetan eta eraikuntzan jarduerari ekiteko aukera ere proposatu du Urkulluk, eta, ondoren, kultura zentroak, antzokiak eta museoak zabaltzeaz aritu da, baina mugatutako edukierarekin eta distantzia fisikoa gordetzeko obligazioarekin. Kulturarekin, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako ekitaldiak antolatzea ere proposatu du, gainontzeko jardueren murrizketekin.
Ikuskizunak eta jaiak
Jarraian ikuskizunak, jaiak eta ekitaldiak aipatu ditu. Horiei lotuta, aurreneko proposamen bat presatu duela adierazi du, aldun nagusiekin, hiriburuetako alkateekin eta Eudeleko presidentearekin partekatutakoa. "Orain arte pandemiari aurre egiteko 'auzolan' filosofia erabili badugu, Normaltasun Berrira Trantsizioa egiteko Plan honetan are gehiago beharko dugu", azpimarratu du lehendakariak.