Gizartea -
Koronabuloak
Koronabirusaren gaineko konspiranoiak eta mezu apokaliptikoak
#Koronabuloak ekimenean, COVID-19 gaitzarekin lotutako hainbat albiste faltsu ari gara gelditzen; tartean, zenbait 'konspirazio-teoria' eta frogarik gabeko mezu kezkagarriak daude.
EiTB
#Koronabuloak ekimenean, koronabirusaren gaineko hainbat 'konspirazio-teoria' eta horri buruzko mezu oso kezkagarri batzuk gezturtatu ditugu (izan ere, mezu horiek ez zuten frogarik).
Horien artean dago nazioarte-mailako agintari batek ustez egindako eskaria, adinekoak koronabirusak jota hiltzea onartzea eskatzen duena. Halaber, beste mezu batek zioen gaizkileak etxez etxe zebiltzala manipulatutako maskarak banatzen, lapurreta egiteko.
#Koronabuloak ekimena martxoaren 16an abiatu zuen Euskal Irrati Telebistak, birusaren gainean zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egitea helburu. COVID-19 gaitzarekin lotutako hainbat mezu, audio, bideo, argazki eta testu ari gara gezurtatzen, herritarren laguntzarekin.
Lan honetan, gure erabiltzaileak 600 900 454 zenbakira ari dira abisuak bidaltzen, alegia, ekimenaren WhatsApp-era. Halaber, Euskal Irati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.
Jarraian, 'konspiranoiak eta mezu apokaliptikoak' taldean sailkatu ahal diren 'koronabuloak' daude jasota.
- Ez dago koronabirusa Wuhango laborategi batean sortu zela dioen frogarik
Zenbait iturriren aburuz, tartean Donald Trump, Mike Pompeo haren Estatu idazkaria edota Luc Montagnier Medikuntzako nobela, SARS-CoV-2 birusa artifizialki sortu zuten, baina ez dute frogarik azaldu.
- Luc Montagnierrek frogarik gabe esan du COVID-19a industria-istripu batean sortu zela
Medikuntza Nobel saridunak esan zuen "istripu industrial" batetik zetorrela, baina frogarik gabe. Nobel sariak ez du ezagutza bermatzen arlo guztietan; "agintearen falazia" baten aurrean geundeke.
- Ez, Tasuku Honjo Nobel saridunak ez du esan COVID-19a gizakiek sortu dutela
WhatsApp bidez hedatu den mezu-kate batek dio Tasuko Honjok esan duela koronabirusa ez dela birus naturala eta gizakiek sortutakoa dela, baina bulo bat da.
- Inongo igarlek ez zuen koronabirusaren agerpena iragarri
WhatsApp eta sare sozialen bidez zabaldutako bideo batek aditzera ematen duenez, "igarle" batek, ustez, COVID-19aren pandemia iragarri zuen 2019an.
- Ez dago frogatuta eskuetan eta oinetan COVID-19aren sintomak dituen haurrik dagoenik
Osasun-langileen artean zabaldu eta bertsionatutako mezu baten arabera, Txagorritxuko ospitalean "COVID-19aren sintomak eskuetan eta hanketan dauzkaten haur eta nerabeak artzatzen ari dira".
- Folioak dira osasun-materiala Frantziara daramala dioen kamioilariaren zama
Ustezko kamioilari batek bideo batean azaltzen duenez, Frantziara osasun-materiala eraman behar du, eta Espainiara, ordea, ez; alabaina, grabazioan agertzen dena Fabriano markako folio-kaxak dira.
- The Washington Postek ez du baieztatu koronabirusa laborategi batean sortu zutenik
Balizko informazio batzuen arabera, egunkariak egiaztatu du SARS-CoV-2 birusak Wuhango laborategi batean izan zuela jatorria; egunkariak, baina, gezurtatu egin du hori esan izana.
- Aldizkari Ofizialak ez du esaten hegazkinetatik produktu kimikoekin fumigatuko dela
Estatuko Aldizkari Ofizialean jartzen duen "nebulizazio tekniken bidezko airezko desinfekzioa" esaldia gaizki ulertu dute zenbait komunikabidek, eta hegazkin militarrak erabiliko direla publikatu dute.
- Ez dago gaurtik ekainera arte jarduerak berrabiarazteko egutegi ofizialik
Gobernuak ez du txosten ofizialik publikatu jarduerak noiz eta nola berrabiaraziko diren esanez. Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia faltsu bat zabaldu da sare sozialen eta WhatsApp bidez.
- Gaizkileak ez dabiltza etxez etxe manipulatutako maskarak banatzen lapurreta egiteko
Ertzaintzak ezeztatu egin du: ez dago mota horretako delitu ekintzarik erregistratuta. Gainera, VOST Euskadik ohartarazi du ez dagoela maskarak etxez etxe banatzeko ekimenik.
- Inongo agintarik ez du eskatu adinekoak koronabirusak jota hil daitezen onartzea
Nazioarteko Diru Funtseko presidente ohiak, Japoniako ministro ohi batek eta Texasko gobernadoreordeak ustez egunotan esandako hiru esaldi bolo-bolo dabiltza, mezu antikapitalista baten ondoan.
- Ez, 5G teknologia ez da COVID-19aren eragilea
Thomas Cowan izeneko ustezko mediku bat protagonista duen bideo batean, koronabirusaren pandemiaren arduraduna 5G teknologia dela zabaldu dute.
- Ez, informazio-egiaztatzaileek ezin dituzte WhatsAppeko mezuak zentsuratu
Azken egunotan hedatu den bulo batek iradokitzen duenez, Maldita.es eta Newtral zerbitzuek zentsuratu egiten dituzte WhatsApp bidez bidalitako mezuak.
- Ez da egia 100 urtetik behin pandemia bat dagoela munduko populazioa murrizteko
Whatsappez eta sare sozialen bidez zabaldutako hainbat mezuren arabera, "munduan ordena berri bat dago, populazioa murrizteko helburuarekin". Datuek eta adituek kontrakoa diote.
- Ez, ez dute zientzialari bat atxilotu koronabirusa egin eta Txinari saltzea egotzita
WhatsAppez hedatu den bideo baten arabera, Charles Lieber zientzialaria atxilotu berri dute SARS-CoV-2 birusa egin eta Txinari saltzeagatik. Urtarrilean izan zen, eta beste kargu batzuk egotzita.
- Ez, ezin duzu zure balkoitik beste pertsona batzuk grabatu eta bideoa zabaldu
VOST Euskadik gezurtatu egin du sareetan hedatutako bideo batean ustezko hiltzaile baten atxiloketa ikusten dela. Aldiz, bideoan agertzen dena osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten krisialdi bat da.
- Ez, RAIren bideo batek ez du frogatzen koronabirusa Txinan sortu zela 2015ean
Italiako telebista publikoak 2015ean emandako 'TGR Leonardo' programari dagokion bideo batean, Txinan artifizialki sortutako "superbirus" bat aipatzen da, eta bolo-bolo dabil WhatsAppetik.
- Nazioartean ezaguna egin den "mediku espainiar" faltsuaren bideoa
Bideoko protagonista negarrez ageri da COVID-19 gaitzak jota dauden 65 urtetik gorakoei, ustez, arnasgailuak kentzen dizkietela azaltzen duen bitartean, gaixo gazteagoei emateko.
- Ez dituzte zure telefono-deiak grabatuko, ezta WhatsApp eta Facebookeko kontuetakoak
Larrialdi egoera baliatuta, telefono bidezko elkarrizketak eta sare sozialetan argitaratutako mezuak monitorizatuko direla zabaldu da, baina bulo bat da, Polizia Nazionalak jakinarazi duenez.
- Ez dago frogatuta makillajeak COVID-19az kutsatzeko arriskua areagotzen duenik
WhatsAppeko audio baten arabera, makillajea eta krema hidratatzaileak erabiliz gero, gaitza hartzeko aukera gehiago daude.
- Politikariak materialarekin geratu direla dio ustezko kamiolari batek, frogarik gabe
WhatsAppeko audio batean, auto ofizial batzuek osasun materiala zuten kutxa batzuk jaso eta eraman zituztela esaten du ahots batek. Osasun Ministerioak ukatu egin du informazioa.
- Ez dago egiaztatuta hipertentsioaren aurkako botikek COVID-19 gaitza larritzen dutela
WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek ohartarazten duenez, hipertentsioaren aurkako botikak erabiltzea arriskutsua izan liteke koronabirusaren aurrean.
- Bermeoko Correosen bulegoa zabalik dago eta segurua da gutunak eta paketeak jasotzea
WhatsApp-eko mezu baten arabera, Bermeoko bulegoa itxita dago, "langileen % 100ek positibo" eman dute. Bulegoa zabalik dago eta segurua da gutunak eta paketeak jasotzea.
- Ez da egia Interneteko datuen jarioa arriskuan dagoela
WhatsAppez zabaldutako mezu baten arabera, arazoak ager daitezke "Interneten erabilerarekin", baina adituek baztertu egin dute "telekomunikazioak arriskuan" daudela.
- Birala egin den Basurtuko mediku baten audioa Alcorcongo anestesista batek grabatu du
Basurtuko Ospitaleko ustezko mediku baten koronabirusari buruzko audioa birala egin da WhatsApp bidez, baina audioaren grabazioa egin zuen pertsona Alcorcongo anestesista batda.
- Geratu etxean, "Arrasateko ospitaleko erizain batek" hala badio edo ez
Hainbat aldaera dituen WhatsApp bidez zabaldutako mezu batek gure etxeetatik ez irteteko eskatzen digu, "aste honetan" betetzen omen baita COVID-19 gaitzaren "inkubazio-epea".
- Koronabirusa dutenen birikiek ez dute izaten ehuneko 50eko fibrosia lehen sintomekin
WhatsApp bidez zabaldu den buloa da. Manuel Elkin Patarroyo immunologoa jotzen da bideoaren egiletzat, eta bertan esaten duenez, "birikiek ehuneko 50eko fibrosia izan dezakete, eta beranduegi da".
- Datozen egunetan salbuespen-egoera ezarriko den zurrumurrua gezurtatu du Ertzaintzak
Sare sozialen bidez zabaltzen ari den albistea benetako balitz, horrek arazoak ekarriko lituzke hornikuntzan epe laburrean. Ertzaintzak erabat gezurtatu du zurrumurru hori.
- Koronabirusa duten 65 edo 70 urteko pertsonek arnasgailuak izaten jarraituko dute
Hainbat mezu zabaldu dira esanez Madrilgo erkidegoan arnasgailuak kenduko dizkietela COVID-19 duten 65 edo 70 urteko pertsonei, baina ezeztatu egin du Osasun Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiak.
- Ez da egia Bizkaiko ikastetxeak irailera arte itxiko dituztela
'El País' egunkariak argitaratutako albiste baten itxura hartuta WhatsAppetik zabaldu den irudi baten arabera, Bizkaiko ikastetxeek irailera arte ez dituzte eskolak berriro hasiko, baina ez da hala.
- Ez da egia animaliak kaltetzen dituzten pozoiekin fumigatzen ari direla parkeak
Bai Gasteizko Udalak, bai hiri-garbiketan jarduten duten sektoreko adituek gezurtatu egin dute koronabirusaren aurkako pozoi berezia darabiltela parkeak fumigatzeko.
- Ez da egia Ertzaintza bi pertsona doazen ibilgailuei isunak jartzen ari dela
Whatsapp bidez zabaldu den mezu baten arabera, Ertzaintza "300 eta 1.000" arteko isunak jartzen ari zaie bi pertsona doazen ibilgailuei.
- Ez da hirigunerik helikopteroz fumigatuko, koronabirusari aurre egiteko asmoz
COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren aurkako neurriak zorrotzak izaten ari diren arren, hiriak airetik fumigatzea ez da neurri horietako bat.
- Gurutzetako ospitaleak azaldu du kalitate-estandarrak betez artatzen dituela gaixoak
Era horretan, gezurtatu egin du asteazken honetan sare sozialetan zabaldu den audio bat, koronabirusaren krisiaren eraginagatik osasun-zentroan dagoen egoera larritzat jotzen duena.
- Funtsezko datuak nahasten eta baztertzen dituen ustezko familia-medikuaren audioa
Natalia Prego Cancelo familiako mediku gisa identifikatu den emakume baten audio bat biral bihurtu da egun hauetan. Bere argudio nahasietan, datuak nahasten ditu, eta ospitaleko kolapsoa ahazten du.
- Automobil-aseguruek indarrean jarraitzen dute alarma-egoeran ere
UNESPAk ukatu egin du indarrean dagoen alarma-egoerarekin autoko aseguruen estaldurak bere balioa galtzen duela dioen informazioa.
- Armadak ez ditu itxi Euskadi, Madril eta Errioxako erkidegoetako mugak
Martxoaren 13an atera eta hiru erkidego hauetako mugak itxi zituztela esaten zuen albistea ezeztatu du Espainiako Gobernuak.