Gizartea -
Koronabirusa
Koronabirusa atzemateko eredu berrien bila ari dira EAEko parke teknologikoetan
Besteak beste, adimen artifiziala eta Big Data erabiltzen ari dira proiektuetan aurrera egiteko. Eskasiarik ez duten materialekin azkarragoak diren alternatibak aurkitu nahi dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean diharduten enpresa eta zentro teknologikoak COVID-19 gaitza diagnostikatzeko alternatibak bilatzen ari dira egunotan. Horrez gain, konfinamenduaren osteko prozesua prestatzen lagunduko duten irtenbide teknologikoak garatzen ari dira.
Izan ere, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak ohar baten bidez jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko gaur egun erabiltzen diren PCR probak ordezkatu edo osat ditzaketen eredu azkarragoak aurkitu nahi dituzte, eskasiarik ez duten materialak erabiliz. Besteak beste, adimen artifiziala eta Big Data erabiltzen ari dira euren proiektuetan aurrera egin ahal izateko.
Testuinguru horretan, Gaiker zentro teknologikoa sentikortasun handiko ekipamendu azkarra garatzen ari da PCR proben alternatiba gisa, besteak beste. Gainera, zentro horrek EHUrekin, CIC bioGUNErekin eta NEIKERekin lankidetzan dihardu, osasun arloko materiala ekoizteko ehun berriak garatu nahian. Halaber, arlo horretako enpresei eta administrazioei aholkuak ematen dizkie, eta PCR analisiak nola egin behar diren azaltzen die osasun arloko profesionalei.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren laguntza duen nazioarteko Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroak matematikak erabiltzen ditu bere ikerketak garatzeko. Ildo horretatik, aurreikusitako ospitaleratzeen kopuruari buruzko informazioa emateko egunero aritzen da lankidetzan agintariekin. Gainera, paziente horien guztien artean, larriago egongo direnak eta zainketa intentsiboetako unitatean arreta beharko dutenak aurreikusten ditu.
Ikerlan teknologia-zentroa, berriz, Euskadin larrialdiko arnasgailuak garatzearen bideragarritasuna aztertzen ari da, osagaien horniduraren, fabrikazioaren eta muntaketaren ziklo osoa kontuan hartuta eta Euskadin dauden osasun arloko enpresen gaitasunak aprobetxatuta.
Gainera, zentro teknologiko hori beste proiektu bat garatzen ari da Tecnalia eta Vicomtech enpresekin batera, konfinamendua amaitu ondoren, enpresek eta erakundeek lan-jarduera presentzialen berraktibazioa kudeatu ahal izateko aplikazio bat sortzeko.
Horrez gain, Ikusi enpresak prebentzioaren arloko soluzio teknologikoak lantzen ditu, positibo ematen duten kasuak garaiz eta zalantzarik gabe atzemateko zein gaixoen egoera monitorizatzeko. Era berean, ingeniaritza lanak egin ditu, eta bi hilabetean 5.000 arnasgailu prestatu ditu Hersill enpresaren eta Espainiako Osasun Ministerioaren proiektuan, Tecnaliak ere lagundu diolarik.
Bestalde, ITP Aero motor eta osagai aeronautikoen enpresak, lantegian ekoitzitako maskarak eman dizkie ospitaleetako langileei, eta ohiko ekoizpena aldatu du 3D inprimagailuekin biserak egiteko, 'Makers' CovidEuskadi mugimenduaren baitan.
Horrela, enpresa eta zentro horiek guztiek gaur egun garatzen ari diren proiektu horiekin, besteak beste, hidrogel alkoholikoa ekoizteko, babes sanitarioko materialak garatzeko eta PCR testak egiteko beste konpainia batzuek abian jarri dituzten ekimenekin bat egin dute.