Gizartea -
Koronabirusa
460 adineko baino gehiago hil dira Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetan
Pandemia hasi zenetik, 132 pertsona zendu dira Arabako erresidentzietan; 148, Gipuzkoan; eta 182, Nafarroan. Bizkaiko erresidentzietako egoerari buruzko datuak ez dituzte publiko egin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren izurritea hasi zenetik, 132 pertsona hil dira Arabako adinekoen zentroetan, 346 kutsatuta daude eta 70 sendatu dira. Azken orduetan heriotza bat izan da.
Foru Aldundiak emandako informazioaren arabera, zentro pribatuetan 71 lagun zendu dira; eta publikoetan, 61.
Koronabirusarekin gaixorik dauden adineko gehienak (324) egoitzetan artatzen ari dira, eta 22 ospitalera eraman dituzte, larri daudelako.
Desgaitasunak dituzten pertsonentzako zentroetan, berriz, 35 kasu positibo pilatu dituzte eta hiru lagun erietxean daude. Guztira, hiru pertsona sendatu dira.
148 heriotza Gipuzkoako egoitzetan
Gipuzkoako erresidentzietako egoerari dagokionez, azken orduetan beste bi hildako eta hiru positibo izan dira. Beraz, guztira, 148 adineko zendu dira, 259 kutsatuta daude eta 127 sendatu egin dira.
Foru Aldundiak azaldu duenez, azken bi heriotzak Eibarko Egogain eta San Andres erresidentziatan eman dira.
COVID-19a duten gaixoetatik 33 ospitalean daude eta 37 Gurutze Gorriak Donostian duen zentroan.
Desgaitasunak dituzten pertsonentzako egoitzen kasuan, bi positibo baieztatu zituzten, baina bati senda-agiria eman diote jada.
182 hildako koronabirusagatik Nafarroako egoitzetan
Nafarroako erresidentzietan 512 adineko hil dira. Horietako 182 koronabirusak jota zendu dira, eta 181 sintomekin.
Halaber, Foru Gobernuak jakinarazi du 846 kasu baieztatu dituztela eta 55 adineko ospitalean daudela.
Bestalde, desgaitasunak dituzten zentroei dagokienez, 88 lagun daude koronabirusarekin eta horietatik bost ospitalera eraman dituzte.