Gizartea -

KORONABIRUSA

DBHko 4. mailan eta Batxilergoan ikasgeletara itzultzeko aukera proposatu du Uriartek

Ikastetxeek erabaki ahal izango dute hirugarren ebaluazio bat egin edo lehenengo bien kalifikazioak kontuan hartu, eta horri konfinamenduan egindako lanak gehituko litzaizkioke.

Cristina Uriarte. Artxiboko argazkia: EFE
Cristina Uriarte
DBHko 4. mailatik aurrerakoak klasera bueltatzea nahiko luke Hezkuntza Sailak

1:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako, Batxilergoko bigarren mailetako eta Lanbide Heziketako (LH) lehen mailako ikasleek aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aztertzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, betiere Osasun Sailaren jarraibideen arabera.

Cristina Uriarte sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza plana aurkeztu du ikasturte honen amaierarako, COVID-19ak maila guztietako eskola presentzialak bertan behera uztera behartu ostean.

Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxe guztiei jakinarazi dienez, ikasturte amaieran ikasleak ebaluatu eta kalifikatzerakoan, "funtsezko oinarri" gisa, bigarren hiruhilekoko emaitzak hartu beharko dituzte kontuan, aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi aurretik.

Uriartek azaldu du, halaber, zer irizpideren arabera ebaluatuko dituzten ikastetxeek beren ikasleak, eta neurri handi batean ikastetxe eta institutuen esku uzten ditu irizpideok, testuinguru sozialaren arabera egokitzeko.

Ikastetxeek erabaki ahal izango dute hirugarren ebaluazio bat egin edo lehenengo bien kalifikazioak kontuan hartu, eta horri konfinamenduan egindako lanak gehituko litzaizkioke, baina emaitza akademikoak hobetzeko bakarrik.

Gainera, argi utzi du Hezkuntza Ikuskaritzak zainduko duela ikasle bakar batek ere ez dezala ikasturtea errepikatu konfinamenduan izandako "desberdintasunen" ondorioz.

Ebaluazioak

Hezkuntza Sailaren ustez, "nahitaezkoa" da ikasturtearen amaierara arteko irakaskuntza presentziala edo urrutikoa ahalik eta gehien aprobetxatzea ahalbidetuko duten estrategiak planifikatzea.

Nolanahi ere, Hezkuntza Sailak azpimarratu du, Euskal Eskola Publikoaren Legean ezarritako ikastetxeen autonomia pedagogikoarekin bat etorriz, ikastetxe bakoitzari dagokiola prestakuntza-helburu horiek zehaztea bere curriculum-proiektuetan eta gelako programazioetan.

Horrela, ikastetxe bakoitzean, dagokion irakasle-taldeak edo sail didaktikoak ikaskuntza-helburuak lehenetsiko edo egokituko ditu curriculuma emateko egungo inguruabarretara, eta modu "argian" jakinaraziko du zein diren lorpen-adierazle berriak, ikasturte honen amaierako ebaluazioan kontuan hartuko direnak.

Hortik aurrera, zuzendaritza-taldeek eta erreferentziazko ikuskatzaileek bilerak egingo dituzte maiatzeko lehen hamabostaldian, ikastetxeak proposatutako ebaluazio-prozesua aztertu, baloratu eta "legitimatzeko".

Ikasturte akademiko honetako "ezaugarri bereziak" ikusita, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ikasleek aurrez aurreko jarduera eten aurretik lortutako mailari buruz jasotako informazioa "funtsezko oinarri gisa erabili beharko dela behin betiko ebaluazioari buruzko erabakiak hartzeko eta, ondorioz, ikasturtearen amaieran kalifikatzeko".

Horrela, ikasturte hasieran bigarren hiruhilekorako planifikatutako helburuak "oinarrizkotzat" hartuko dira 2019-2020 ikasturteko ebaluazio-prozesuan.

Hirugarren ebaluazioa

Hirugarren ebaluazioari dagokionez, Hezkuntzak ezartzen du ikastetxeek hainbat aukera izango dituztela. Horietako bat ebaluazio espezifiko bat egitea da, hirugarren hiruhilekoan helburuen eta gaitasunen lorpena soilik baloratzeko. Kasu horretan, ikastetxeak erabakiko du ebaluazio hori nola egin.

Era berean, prestakuntza-ebaluazio jarraituaren esparruan, amaierako ebaluazio integratua egin ahal izango da, urrutiko prestakuntzan egindakoak batzeko balio dezan. Kasu horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan, eta horiei hirugarren hiruhilekoan lortutako emaitzak gehituko zaizkie, horiek izango baitira azken kalifikazioa zehaztuko dutenak.

Aurrez aurreko hezkuntza-jardueran aurreikusitako helburuak eta gaitasunak lortu ez dituzten ikasleen ebaluazioa ikasturteko azken hiruhilekoan egingo da, ahal dela, lehen eta bigarren hiruhilekoei dagozkien gutxieneko helburuak lortzeko.

Ikasturtea errepikatzea

Urkulluren Gobernuak adierazi duenez, irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzat hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, banakako txosten bat egin beharko da, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita.

Txosten hori Hezkuntza Ikuskaritzaren eskura egongo da, eta, ikasle batentzat planteatutako ikastaroaren errepikapenaren inguruan zalantzak sortzen diren kasuetan, egiaztatuko du errepikapenaren arrazoiak ez daudela lotuta ikaslearen konfinamendu-egoeran agertutako desberdintasun-egoerekin.

Hezkuntza Sailak onartu du egungo egoerak indartze-neurriak hartzea eskatzen duela, laguntza espezifikoak emanez eta arlo edo ikasgai instrumentalak lehenetsiz, bai ikasturte honen amaieran, bai hurrengoaren hasieran. Horrela, arreta berezia emango zaie 'online' prestakuntza-aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen.

Era berean, komenigarritzat jotzen du, oro har, udako oporretan indartze- edo errekuperatze-lanak agintzeari. Hezkuntza Sailak azpimarratu duenez, iraila "errefortzu argia izango da".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa