Gizartea -
Koronabirusa
San Prudentzio egunean banderak haga erdian egongo dira Araban, dolu-seinale moduan
Arabako Foru Aldundiak "dolua ikusarazteko keinu sinboliko" gisa azaldu du ekimena, Araban COVID-19aren ondorioz orain arte hildako 323 pertsonen omeneza.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko udaletxeko banderak haga erdian egongo dira San Prudentzio egunean, apirilaren 28an, Araban koronabirusaren ondorioz hildako 323 pertsonak oroitzeko keinu gisa.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak "dolua ikusarazteko keinu sinboliko" gisa azaldu du ekimena, orain arte Araban COVID-19ren ondorioz hil diren pertsonen omenez gauzatuko dena.
Arabako udal guztiak ekimen honekin bat egitera animatu ditu ahaldun nagusiak, eta "ospakizunak ezin du egoera honen gogortasuna ahaztu" gaineratu du horiei bidalitako gutunean.
Bestalde, ohar baten bidez jakinarazi duenez, Gasteizko Udalak bat egiten du Arabako Foru Aldundiak probintziako udal guztiei egindako gonbidapenarekin.
Hildakoak "bereziki presente" izan nahi ditu Arabako jai nagusietako batean, azaldu du.
Gainera, Gorka Urtaran alkateak esan du Arabako hiriburuan omenaldia egingo dietela "osasun krisia amaitzen denean" pandemiaren biktima guztiei, "merezi duten moduan agurtzeko".
Arabako Foru Aldundiak apirilaren 28an San Prudentzio eguneko ekitaldi ofizial guztiak bertan behera uztea erabaki zuen, baita maiatzaren 1ean Estibalizko Andre Mariaren egunaren ospakizuna ere, koronabirusaren pandemia dela eta.