Gizartea -
Koronabirusa
Gernikak jenderik gabeko omenaldiekin gogoratuko du bonbardaketa igandean
Ekitaldiak Internet bidez jarraitu ahal izango dira, zuzenean, baina aurten ordezkaritza instituzionala murriztuko dute eta jenderik gabe egingo dira.
Agentziak | Erredakzioa
Gernikako Udalak bonbardaketaren 83. urteurrena gogoratuko du igandean, baina, aurten, ordezkaritza instituzional murritzarekin eta jenderik gabe egingo dituzte ekitaldiak, koronabirusa hedatzea saihesteko helburuarekin. 1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika.
Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, alerta-egoeraren ondorioz bertan behera utzi behar izan dute urteurrenera begira aurreikusitako jarduera programa. Aurreko urteetan, hainbat egunetan egin izan dituzte bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak.
Jose Maria Gorroño alkateak aurten ere hartuko du parte ekitaldietan, ostiralean itzuli baitzen etxera, koronabirusaren eraginez 21 egunez ospitalean egon ondoren, Gernikako Udalak jakinarazi duenez.
Hala, Udalak omenaldia egingo du apirilaren 26an, bonbardaketaren garaian herriko alkate izan zena, Jose de Labauria, eta George Steer kazetari britainiarra gogoratzeko. Kazetari britainiarrak eraso horren ondorioen berri eman zuen The Times egunkarian, egun haietan argitaratutako kroniken bitartez.
Ekitaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira Internet bidez, eta sirena eta kanpai hotsak entzun ahal izango dira arratsaldean herrian, bonbardaketa gogoratzeko.
Horrez gain, hilerrian, lore-eskaintza egingo diete tragedia horretan hildakoei, eta, gauean, leihoetan eta balkoietan kandelak pizteko eskatu diete herritarrei, aireko eraso horretan hildakoak gogoratzeko urtero Gernikan egiten den martxa isilaren ordez.
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak, "Kids Gernika" nazioarteko proiektua eta Nazioarteko Bake Brigadaren aitortza bertan behera utziko dituzte aurten.