Gizartea -
kORONABIRUSA
Jaurlaritzak 20.000 test egin nahi ditu milioi bat biztanleko apirilean bertan
Erkorekak azaldu duenez, lanean ari dira "normaltasun berrirako" trantsizioa prestatzeko, eta "deseskalatze faseak" aztertzen ari dira sail guztietan.
agentziak | erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du koronabirusaren diagnosi probak ugaritzen jarraitzen dutela, eta hilabete honetan bertan milioi bat biztanleko 20.000 proba egitera iristea espero dutela.
Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, lanean ari dira "normaltasun berrirako" trantsizioa prestatzeko, eta "deseskalatze faseak" aztertzen ari dira sail guztietan.
Helburua ohitura sozialen deseskalatzea "mailakatua eta berme guztiekin" egitea da, baina hilabeteetan urruntze sozialari eutsiz, maskarak erabiliz, eta higiene neurriekin.
Hori guztia, Erkorekaren esanetan, osasun egoeraren eta osasun publikoko agintarien jarraibideen baldintzapean. Horren harira, osasun egoerari dagokionez, oinarrizko kolektiboei egiten ari zaizkien proba kopurua "egunero" handitzen ari direla azpimarratu du, eta horrek "kasu positiboen eta kutsatzeen mapa erreala" edukitzea ahalbidetzen duela.
Erkorekak adierazi du Jaurlaritzaren helburua milioi bat biztanleko 20.000 proba egitea dela, eta mapa horrekin "denbora errealean" kontrolatu ahal izango dela herrien eta eskualdeen egoera, "kasuen beherakadak denboran irautea"rekin batera.