Gizartea -
Koronabirusa
Kontsumitzaileen erakundeak ez ditu online saltzen diren testak gomendatzen
Interneten komertzializatzen diren online testak ez dute bermerik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen aburuz, eta interpretazio desegokiak ekar ditzaketela ohartu du erakundeak.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak gogorarazi du osasun agintariek eta baimendutako laborategiek egiten dituzten probak direla gomendatzen diren bakarrak, eta emaitzak profesional batek interpretatu behar dituela nabarmendu du.
Egun, Osasun Ministerioak apirilaren 14an emandako agindua dela-eta ezarritako jarraibideen arabera, funtsean, infekzioaren susmoa dagoenean, medikuek soilik dute koronabirusa detektatzeko probak agintzeko gaitasuna. Hala ere, sintomarik ez duten herritar askok beren osasun-egoera ezagutu nahi dute, lanera joan ahal izateko edo senide bat zaintzeko. Kasu horietan, ez da arraroa izaten enpresa eta laborategi pribatuak bilatzen hastea. Egoera horrek emaitzen interpretazio desegokiak eragin ditzake, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak ohartarazi duenez.
Erakundeak esan du erositako eta mediku-preskripzioaren esparrutik kanpo egindako test guztiek ez dutela bermerik, batez ere, Interneten merkaturatutako probak badira. Horregatik, erakundea test horiek erabiltzearen kontra agertu da, batetik, emaitza desegokiak eragin ditzaketelako, eta, osasun-arloko profesional baten interpretaziorik izan ezean, birusa zabaltzen lagundu dezaketelako, eta, bestetik, iruzurrak saltzen dituzten enpresekin harremanetan jartzeko arriskua dagoelako.
Erakundearen aburuz, osasun agintariek eta baimendutako laborategiek egiten dituzten probak dira soilik baliozkoak. Onartutakoen artean, bi motatakoak daude: PCRak, birusa hautematen denean, infekzioaren lehen egunetan diagnostikoa egiteko aukera ematen dutenak, eta antigorputzen testak, kutsatu eta lehen astera positibo direnak (ez lehenago), eta birusa organismotik desagertu ostean positibo izaten jarraitzen dutenak (horrela, infekzioa igaro den jakin daiteke, nahiz eta horren jakitun ez izan).
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak azpimarratu du premiazkoa dela osasun-agintarien kontrolpean baliozko diagnostikoak egitea eta horiek herritar guztientzat eskuragarriak direla bermatzea. Era berean, Gobernuak hartutako erabakia, funtsezkoak ez diren jarduerak baimentzearena, "presazkoa" dela azaldu du, infekzioaren benetako hedadura ezagutzea ahalbidetzen duten azterlan epidemikoak eta maskarak zein eskularruak eskuratzea bermatzen duten neurriak ez dauden bitartean.