Gizartea -
Ostegun honetan
Bilboko Konpartsen deialdia, Aste Nagusirako 'atzerako kontaketa' etxetik ospatzeko
Deialdia datorren ostegunerako da, apirilaren 23rako, eta biztanleria animatu dute konpartsek, proposatu dituzten ekimenetan etxetik parte hartzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Konpartsek deialdia egin die bilbotarrei eta biztanleriari orokorrean, ostegun honetan (apirilak 23) etxetik Aste Nagusirako "atzerako kontaketa" ospatzeko. Koronabirusaren pandemiak eragin duen konfinamenduaren ondorioz ekimenak proposatu dituzte etxetik parte hartu ahal izateko. "Egun bat lehenago lau hilabete faltako dira Bilboko Aste Nagusirako", baina egun bat beranduago egingo da, asteazkenean konpartsek bat egingo dutelako kulturaren munduak deitu duen greba digitalarekin.
Komunikatu baten bidez, Bilboko Konpartsek proposamen zerrenda bat egin dutela azaldu dute, ospakizuna 19:00etan hasiko delarik. Proposamen hauek sare sozialetan #AsteNagusia2020 traolarekin zabaltzeko gonbitea ere egin dute.
"Munduko jai onenez gozatzeko gogo handiak ditugu. Asteak pasa ahala ematen du gure festak gero eta urrunago daudela, baina ez da horrela. Lau hilabete bakarrik falta dira; ospatu dezagun!", adierazi dute Bilboko Konpartsek. "Gogorarazi nahi dizuegu, Aste Nagusiaren aurtengo datak abuztuaren 22tik 30era arte direla. Beraz, apirilaren 22an, asteazkenean, lau hilabete faltako dira Marijaia Bilboko uretatik iritsi dadin Aste Nagusiari hasiera emateko", gaineratu dute.
Hori dela eta, Bilboko Konpartsek "Badator Marijaia abesteko eta dantzatzeko" gonbitea egin dute; Marijaiak bezala besoak altxatzea; zapia jartzea, konpartsako kamiseta edo auzoko festetakoa janztea; txupina botatzea; gustukoen duzun edaria berrerabilgarria den edalontzi baten edatea, eta momentu horiek guztiak galdu ez daitezen, sare sozialetan partekatzea #AsteNagusia2020 traolarekin. Aldi berean, "bizitako une magikoak" traola berdinarekin zabaltzeko gonbitea ere luzatu dute.
Ekimen honetan "edozein tokitatik parte har daiteke: balkoitik, egongelatik, logelatik, terrazatik, etxetik lan egiten duzun tokitik, fabrikatik edota ganbara eta trastelekuetatik. Garrantzitsuena da, ikusgarritasuna ematea, oroitzapenak berriro burura ekartzea, auzokoekin eta munduarekin poztasuna partekatzea, zapia lepoan, alkar hartuta, kolore guztiak, dantzetan bertsoek eman diguten kemenarekin", azpimarratu dute konpartsek.
Azaldu dutenez, "informazio gutxiko eta ziurgabetasunezko garai hauetan, abuztuan danok, zahar eta gazte, gizon eta andre, jaietan bertsoak berriro entzutea beste behin errealitate bihurtu dadila nahi dugu", eta, gaineratu dute, horretarako "ehunka konpartsakide etxetik lanean ari gara, beti ere osasun gomendioak jarraituz".
Greba digitala
Bestalde, Bilboko Konpartsek bat egin dute kulturaren munduak apirilaren 21 eta 22rako deitu duen greba digitalarekin, "kulturaz gizarte eztabaida bat sortzeko, premiazko neurriak exijitzeko, eta euskal kultura osatzen dugunon arteko topagune bat antolatzeko" helburuarekin.
Eskerrak eman nahi izan dizkiete artistei, langileei eta bestelako kultura eragileei, "1978tik daukaten onena eman dutelako eta Aste Nagusia gaur dena egiten lagundu dutelako".
Azkenik, "gure maitasuna eta esker ona adierazi nahi diegu osasun-langileei, zaharren egoitzetan lan egiten dutenei, zainketa zerbitzuei eta betan lan egiten duten guztiei, suhiltzaileei, banatzaileei, merkatariei, postariei..., azken finean beharrezko lana egiten duen jendeari, baita langabezian geratu diren guztiei", adierazi dute Bilboko Konpartsek.