Gizartea -
Delituak
432 salaketa jarri eta 9 pertsona atxilotu dituzte konfinamendua ez betetzeagatik
Ertzaintzak 185 salaketa jarri eta 8 pertsona atxilotu ditu konfinamendua ez betetzeagatik. Udaltzaingoak, ordea, 247 salaketa jarri ditu eta atxiloketa bat gauzatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 432 salaketa jarri zituzten igande honetan Euskal Autonomia Erkidegoan Herritarren Segurtasunerako Legea hausteagatik, hau da, koronabirusa dela-eta ezarritako alarma egoera ez betetzeagatik. Gainera, bederatzi lagun atxilotu zituzten arrazoi beragatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak 637 pertsona identifikatu eta 823 ibilgailu atzeman zituen atzo, alarma egoeran ezarritako neurriak betetzen direla egiaztatzeko egunero egiten diren jardueren barruan. Kontrol horietan, 185 salaketa jarri zituzten eta zortzi pertsona atxilotu zituzten.
Bestalde, EAEko udalerrietako Udaltzaingoek 947 pertsona identifikatu, 960 ibilgailu atzeman eta 247 salaketa jarri zituzten atzo. Gainera, pertsona bat atxilotu zuten.
Lurraldeka
Lurraldeka, Araban 466 pertsona identifikatu, 57 salaketa jarri eta 381 ibilgailu atzeman zituzten.
Bizkaian, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 732 pertsona identifikatu, bederatzi pertsona atxilotu, 1.090 ibilgailu atzeman eta 269 salaketa aurkeztu zituen.
Bestalde, Gipuzkoan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 386 identifikazio egin eta 106 salaketa jarri zituzten. Orotara, 312 ibilgailu atzeman zituzten.