Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroa normaltasunera pixkanaka bueltatzeko prest ikusten du Chivitek
Nafarroako presidentearen ustez, "oinarrizko osasun materialaren horniketa bermatu" behar da eta normaltasunera itzultzeko "planaren faseak neurtzeko gai" izan behar dute.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Chivite Nafarroako presidenteak bere erkidegoa normaltasunera pixkanaka itzultzeko prest ikusten duela adierazi du, Pedro Sanchezek eskatutako alarma egoeraren luzapenari eta adingabeak kalera ateratzen hasteko asmoari babesa eman ostean.
Normaltasunera bueltatzeko asmoa irizpide epidemiologikoetan, pandemiaren bilakaeran era osasun sistemaren gaitasunean oinarritu du Chivitek, baina oraindik ere badela zer hobetu onartu du.
Nafarroako agintariak azpimarratu egin du "oinarrizko osasun materialaren horniketa bermatu" behar dela, zainketarako gai izatea eta "normaltasunera bueltatzeko faseak neurtzea" testak eta kasu berrien jarraipena eginez.
Koronabirusa antzemateko testetan "Nafarroak asko hazteko" gaitasuna duela gaineratu du Chivitek, kasuak eta kontaktuak kontrolatzeko eta jarraitzeko teknologiak hobetu behar dituztela onartu du.
Chivite eta gainontzeko erkidegoetako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin bildu dira telematikoki. Bilera horretan, Nafarroako presidenteak esan du normaltasunera bueltzatzeko ahultasun batzuk gainditu beharko direla eta "planifikazio zorrotza" egin beharko dela, aurretik inoiz ez ikusitako tamaina bateko erronkaren aurrean gaudelako.
Egoitzetako egoera
Adinekoen egoitzei dagokienez, estrategia berria pentsatu behar dela esan du Chivitek, adinekoak "denbora guztian konfinatuta egotea ez baita konponbidea". Horrez gain, baratze partikularren gaia ondo zehazteko eskatu du, familia askoren ekonomiari laguntzen diotelako.