Gizartea -
Koronabirusa COVID-19
Maskara akastunak erabili dituzten osasun langileak identifikatuko ditu Osakidetzak
Espainiako Osasun Ministerioak emandako 13.200 maskarilletatik sorta bat erretiratu behar izan du EAEko Osasun Sailak, ez baitzuten zehaztutako "iragazteko gaitasunik".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Osasun Ministerioak Euskadin banatutako maskara akasturen bat erabili dituzten osasun langileak identifikatzeko lanean dabil Osakidetza, Nekane Murga Osasun sailburuak adierazi duenez. Horrek zehaztu duenez, Espainiako Gobernuak emandako Garry Galaxy markako 124.000 maskarilletatik 13.200 banatu zituen Osakidetzak, eta horietako asko akastunak dira, "ez guztiak", ordea.
Pandemiaren eguneroko datuak gaurkotzeko prentsaurreko telematikoan Murgak aitortu duenez, maskara horiek ez zuten zehaztutako "iragazteko gaitasunik" eta, behin alerta jasota, Eusko Jaurlaritzak ospitaleetatik kendu zituen.
"Maskarilla horiek erabili dituzten osasun langileak identifikatzeko, jarraitzeko eta arriskuak gutxitzeko neurriak hartzeko lanean gabiltza", gaineratu du Murgak.
ELAren eta UGTren salaketa
Bestalde, ELA eta UGT sindikatuek jazotakoa salatu dute, eta maskara akastun horiek erabili dituztenen osasunari jarraipena egiteko eskatu dute.
"Krisia hasi zenetik, Osakidetzako langileek pairatutako material faltari gaineratu behar diogu oraingokoa", kritikatu dute. Erabilitako akastun maskarilla horiek kutsatze arrisku handiko prozeduretan erabili izan dira, sindikatuen aburuz, eta "material gabeziagatik, astebetez edo gehiago berrerabili izan dira".
Amaitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena "berehala" betetzeko eskatu diote Osakidetzari, osasun arloko langileak babes-materialaz hornitu dezan, alegia.