Gizartea -

KORONABIRUSA

COVID-19a "indarrez" sartu dela kartzeletan ohartarazi du Sarek

Picassent, Brieva, Cordoba eta Estremerako espetxeak aipatu ditu euskal presoen eskubideen aldeko herritar sareak, eta Gobernuaren zein Justizia Administrazioaren politikak kritikatu ditu.

Kartzela baten sarrerako irudia. EiTBren artxiboko irudia.
Kartzela baten sarrerako irudia
Kartzela baten sarrerako irudia. EiTBren artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare euskal presoen eskubideen aldeko herritarren sareak larunbat honetan salatu duenez, COVID-19 "indarrez sartu da kartzeletan" eta "euskal preso asko birusaren arriskupean" bizi dira horietako batzuetan.

Herri plataformak ohar bat kaleratu du, eta, bertan, "Espainiako Gobernuak espetxeetan gertatzen ari denari buruz duen opakutasuna" salatu du: "Espetxeetan gertatzen ari denari dagokionez Espainiako Gobernua opakotasunez jokatzen ari bada ere, baditugu datuak salatzeko birusa gogor sartu dela kartzeletara, eta espetxe askotan COVID-19a dutela bizikide, hala nola, Picassenten, Brievan, Cordoban edo Estremeran, non euskal preso ugari dauden".

"Gaur egun, presoak, oro har, mundutik erabat isolatuta daude; ez daukate komunikazio arruntik ez apartekorik. Baina euskal presoen egoera are gogorragoa da, ez baitaukate senideei bideodeirik egiteko aukerarik, eta horrek areagotu egiten du kanpokoen eta barruko osasun-egoeraren inguruan sortutako kezka eta angustia" nabarmendu du Sarek.

"Eta oraindik gogorragoa da motxilaren umeentzat –100 baino gehiago dira–, aita, ama edo biak etxetik oso urrun espetxeratuta baitituzte. Egoera normalean sakrifizio handia da haientzat hain distantzia luzeak egitea, baina beti dute elkartzeak edo elkar ikusteak eragiten duen poztasuna. Baina, orain, aurrez aurreko komunikazioak kenduta edo bideokonferentziak erabiltzeko aukerarik gabe, umezurtz daude baterako. Alferrikako krudelkeria da, eta kofinamendu bikoitza dakarkie alde biei" salatu dute.

Sarek Espainiako Gobernua eta Justizia Administrazioa kritikatu ditu, "Espainiako Gobernuak eta bere justiziak ez dute aintzat hartu Nazio Batuek edo Europako Kontseiluak neurriak hartzeko egindako eskaera, ezta Erresuma Batuak edo Kataluniak preso asko aske uzteko hartu duten erabakia, konfinamendua etxean betetzeko aukera izan dezaten".

Egoera honen aurrean, Sarek dio bertan behera utzi behar direla "preso hauek mendeku-tresna bihurtzen dituzten salbuespen legeriak" eta "egoera honen aurrean, berriro eskatzen dugu aske uzteko gaixotasun larriak dituzten presoak, adin handikoak direnak eta kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak"

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Presoak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Koronabirusa