Gizartea -
Koronabirusa
255 pertsona hil dira Araba eta Gipuzkako erresidentzietan pandemia hasi zenetik
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du egunero daturik ematen, baina atzo onartu zuen gutxienez 157 adineko zendu direla lurralde horretako egoitzetan koronabirusak jota.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken orduetan beste zazpi pertsona hil dira koronabirusarekin Arabako zahar-etxeetan eta, ondorioz, 128ra igo da heriotza kopurua.
Arabako Foru Aldundiak zehaztu du apirilaren 15ean bildutako datuak direla eta azken heriotza horiek ospitaleetan nahiz egoitzetan eman direla.
Pandemia hasi zenetik 128 pertsona zendu dira: 69 egoitza pribatuetan bizi ziren; 57 foru aldundiaren erresidentziatan; eta gainerakoak udal zentroetan.
127 hildako Gipuzkoako egoitzetan
Gipuzkako zahar-etxeetan, berriz, 127 pertsona hil dira jada. Foru Aldundiak azaldu duenez, azken bi heriotzak Eibarko eta Zumarragako egoitzetan izan dira.
Horrez gain, hamar adineko sendatu dira azken orduotan eta, beraz, 64 dira gaitza gainditu dutenak.
Une honetan 290 pertsona daude koronabirusak jota Gipuzkoako erresidentzietan. 41 Gurutze Gorriaren erietxera eraman dituzte eta beste 35 ospitalean daude.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak ostiral honetan ez dute erresidentzietako egoerari buruzko daturik jakinarazi.