Gizartea -

Gasteiz

Zaballako kartzelako preso bat hil da, ospitale batean istilu bat izan ostean

Erizain bati eraso zion, eta Ertzaintzak azpiratu zuen; gerora, bihotz-biriken geldialdia pairatu zuen, eta horrek heriotza eragin zion.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat patologia zituen Zaballako kartzelako preso bat hil da, Gasteizko ospitale batean istilu larria izan ostean. Hain zuzen ere, erizain bati eraso zion, eta Ertzaintzak azpiratu zuen; gerora, bihotz-biriken geldialdia pairatu zuen, eta horrek heriotza eragin zion.

Espetxe-iturriek baieztatu diote EFEri preso horren heriotza. Osasun-egoera larria zuenez, baldintzapeko askatasuna eman zioten, eta ostatu emateko zerbitzu bat bilatu zioten; izan ere, ez zuen nora joan, ezta haren gain har zezakeen familiarik ere.

Ciudad Realeko elkarte batera zen joatekoa, baina elkarte horrek, koronabirusaren pandemiagatik, adierazi zuen, konfinamendua dela eta, ezin zuela inor onartu. Hortaz, Zaballako kartzelan geratu behar izan zuen.

Presoen eskubideen alde egiten duen Salhaketa elkarteak ohar batean azaldu duenez, asteartean eraman zuten gizon hura Gasteizko ospitale batera, "hurrengo egunerako programatuta zuen ebakuntza baterako", baina "istilua izan zuen osasun-langileren batekin, eta, antza, Ertzaintzak sendotasunez esku hartu zuen".

Espetxe-iturriek argitu dutenez, gizonak erizaina mehatxatu zuen; lepoan matxarda kirurgikoak jarri zizkion. Ondorioz, presoa zaintzen ari ziren ertzainek esku hartu zuten, erasoa saihesteko eta erizaina salbatzeko.

Iturri horien arabera, presoak bihotz-biriken geldialdia jasan zuen, eta egun batzuen buruan hil zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Espetxeak Añanako Kuadrilla gaur