Gizartea -
KORONABIRUSA
Langileei babes materiala ematera behartu dituzte adinekoen bi egoitza
Barakaldoko Miranda Fundazioaren egoitzari eta Vitalitas Centro Residenciales enpresak Ermuan duen Abeletxea egoitzari buruzkoak dira ebazpenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko bi epaitegik adinekoen bi egoitzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diete "ahalik eta eperik laburrenean" bete ditzatela zentro horietako langileak babesteko neurriak, hala nola maskarak, txabusina iragazgaitzak, eskularruak eta betaurrekoak, Covid-19aren pandemiak irauten duen bitartean.
Barakaldoko Miranda Fundazioaren egoitzari eta Vitalitas Centro Residenciales enpresak Ermuan duen Abeletxea egoitzari buruzko ebazpenek kautelazko neurriak hartzea ebazten dute, "lehenbailehen eta ahalik eta lasterren, langileei babes indibidualeko elementuak emateko.
ELA sindikatuak eskubideen babeserako bi prozedura proposatu zituen eta autoak eragin dituzten kautelazko neurri horiek hartzeko eskatu zuen. Bi epaitegiek "arrazoia" eman izana balioztatu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiari "adinekoen zentroetan dagoen egoera larria ez ezkutatzeko" exijitu dio.
ELAk azaldu duenez, Vitalitas-Vialia enpresak kudeatzen duen Ermuko Abeletxe egoitzan 18 erabiltzaile hil dira, eta ia 30 langilek eman dute positibo. "Neurriak eta protokoloak ez betetzea etengabekoa izaten ari da, langile falta bezalaxe", adierazi du.
Barakaldoko Miranda Fundazioan 12 erabiltzaile hil dira eta protokoloak ez dira bete, langileak falta dira eta langileek ez dute babes ekipamendurik, sindikatuaren arabera.
Bi autoek egoitzei eta Bizkaiko Aldundiari "araudian onartutako neurri guztiak bete ditzatela, eta horrela, Covid-19ari buruzko gidak eta protokoloak osorik bete ditzatela" eskatzen diete.
Barakaldoko egoitzari buruzko ebazpenak "zentroan zerbitzuak ematen dituzten langileen osasuna ere babesteko beharra" nabarmentzen du, ELAk eskatzen duen bezala, "norbera babesteko ekipamenduen hornidurarekin, diagnostikoen testarekin, erabilgarri dagoen neurrian, eta isolamendu eta garbiketa arauekin", pandemian aplikatu beharreko araudien arabera.
"Laburbilduz, zentroko erabiltzaileak kolektibo kaltebera eta bertako langileak kutsatzeko benetako arriskua dutenak izanik", enpresei prebentzio neurri horiek hartzeko eskatzen zaie.