Gizartea -

Koronabirusa

Zahar-etxeak eta itunpeko osasun zentroak sektore publikora pasatzeko eskatu du ELAk

COVID-19 gaitzak kaltetutako zahar-etxeetan bizi den egoera nabarmendu du Mitxel Lankuntza ELAko idazkari nagusiak, egoitza horietan babes neurri egokirik gabe lan egiten dela iritzita.

Donostiako zahar-etxe bat. Argazkia: EFE
Donostiako zahar-etxe bat.
Donostiako zahar-etxe bat. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaharren egoitzak, garbiketako azpikontrata publikoak, anbulantzia zerbitzuak eta itunpeko osasun zentroak sektore publikora pasatzeko eskatu du ELA sindikatuak ostiral honetan, koronabirusaren agerraldiak eragindako pandemiari aurre egiteko funtsezkotzat jo diren sektoreetan lan egiten dutela iritzita.

COVID-19 gaitzak kaltetutako zahar-etxeetan bizi den egoera nabarmendu du Mitxel Lankuntza ELAko idazkari nagusiak, egoitza horietan babes neurri egokirik gabe lan egiten dela iritzita, eta ELAk zahar-etxeen aurkako zortzi salaketa aurkeztu dituela gogorarazi du, bere langileentzat segurtasun neurriak eskatzeko. Horietako lautan, esan duenez, auzitegiek arrazoia eman diote sindikatuari.

Pandemiak "funtsezkoak direla erakutsi duten jardueretarako" proposamenak aurkeztu ditu gaur Lakuntzak, eta, besteak beste, ondorengo bost sektore hauek aipatu ditu: osasungintza publiko eta pribatua, zaintza lanak, garbiketa, anbulantziak eta elikagaien komertzioa. Bere esanetan, "kontratu partzialak eta soldata-arrakala handienak" dituzten sektoreak dira horiek; lan-baldintza "prekarioak" eta "gogorrak" dituztenak. Horrez gain, lan-karga altuak dituztela salatu du, eta "lehentasunezko arreta" merezi dutela azpimarratu du.

Horren aurrean, "txalo zaparradan hutsera mugatuko ote diren" edo COVID-19 gaitzaren aurrean "funtsezkoak diren sektoreen balioa aitortzeko neurriak" hartuko dituzten" galdetu die Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Azken hori egin ezean, bi gobernuek "hipokresia eta arduragabekeria handia" adieraziko luketeela uste du Lakuntzak.

Bere iritziz, "erabaki politikoa da Osakidetzan behin-behinekotasuna % 40 koa izaten jarraitzea edo Euskadiko zahar-etxeen ereduak negozioa lehenestea".

Halaber, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren jarrera ere deitoratu du, pandemiak Bizkaiko zahar-etxeetan duen eraginaz Foru Aldundiak informatzeko duen modua dela eta: "Datuak ezkutatuz kudeaketa txar bat ezkutatzen saiatzeak beldurra areagotzen du", esan du Lakuntzak.

Bere proposamenen artean, anbulantzien zerbitzua "sektore publikora pasatzeko" eta osasuna "desmerkantilizatzeko" eskatu du ELA sindikatuak. Azken alor horretan, itunpeko osasun zerbitzuak sektore publikora pasatzea eta behin-behineko milaka langile "finko bihurtzea" eskatu du.

Halaber, genero soldaten-arrakalari eta garbitasunaren sektoreko prekarietateari aurre egiteko, administrazioarentzat lan egiten duten azpikontratak publiko bihurtzeko eskatu du ELAk. Sektore pribatuan jarduten badute, azpikontrata horiek enpresa nagusietan sartzea eskatu du.

Elikaduraren sektoreari dagokionez, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko "funtsezkoa" den beste zerbitzu bat, hilero 500 euroko ordainsari gehigarria eskatu du ELAk langileentzat, aldi horretako lan-karga handiak konpentsatzeko eta oinarrizko soldata % 25 igotzeko, soldata-arrakalarekin amaitzeko, besteak beste.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza ELA Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa