Gizartea -

Koronabirusa

Errenteriako gazte bat espetxean sartu dute konfinamendua 13 aldiz urratzeagatik

23 urte ditu eta poliziek 13 aldiz atzeman dute kalean justifikaziorik gabe. Desobedientzia delitua leporatuta zigortu dute.

Bi ertzain herritar bati galdetzen Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Bi ertzain herritar bati galdetzen Donostian.
Bi ertzain herritar bati galdetzen Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako 23 urteko gazte bat espetxera eraman dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko konfinamendua hainbat aldiz urratzeagatik desobedientzia delitua egotzita.

Ertzaintzak nahiz Udaltzaingoak 13 aldiz atzeman dute Errenteriako kaleetan barrena horretarako justifikaziorik gabe, eta epaileak kartzelan sartzeko agindua eman du.

Segurtasun Saialak azaldu duenez, azkeneko aldiz atzo harrapatu zuten. Goizeko 08:15 inguruan patruila batek kalean geldiarazi zuen eta agenteek nora zihoan galdetu ziotenean ez zen erantzun sinesgarririk emateko gai izan. Ertzainek etxera joateko eskatu zioten.

Bi ordu geroago, Errenteriako denda batean izandako lapurreta baten abisua jaso zuen Ertzaintzak. Gizon batek produktu bat hartu eta ordaindu gabe ihes egin zuen. Dendariak egindako deskribapenagatik goizean kalean geldiarazitako mutila izan zitekeela pentsatu zuten.

Haren bila ibili ziren eta azkenean Galtzaraborda etorbidean topatu zuten. Dendan lapurtutako produktua gainean zeramala egiaztatuta, atxilotu egin zuten. Bi delitu leporatu zizkioten: bata konfinamendua urratzeagatik eta bestea lapurretagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Koronabirusa