Gizartea -
Koronabirusa
Osasun arloko langileak babesteko ahalegin guztia egin duela esan du Osasun Sailak
Merkatuan babes materiala eskuratzeko "zailtasunak" daudela ziurtatu du ohar batean, eta hornidura faltak Europako herrialde guztiei eragin diela nabarmendu du.
Agentziak | Erredakzioa
Osasun arloko langileak babesteko asmoz, "hasieratik" norbera babesteko materiala erosteko eta banatzeko "ahalegin guztiak" egin dituztela esan dute Osasun Sailak eta Osakidetzak.
Zehazki, asteazken honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epaia izan dute hizpide ohar batean. Izan ere, Osakidetzari apirilaren 3an egindako errekerimenduari eustea erabaki du, koronabirusaren pandemiaren aurkako borrokan ari diren langileei "premiaz eta berehala" maskarak, txabusina iragazgaitzak, eskularruak eta babes-betaurrekoak emateko.
Ildo horretatik, nazioarteko merkatuan babes materiala eskuratzeko "zailtasunak" daudela gogorarazi dute, eta hornidura faltak Europako herrialde guztiei eragin diela, "epaileak salaketa tramiterako onartzean esan zuen moduan, material jakin batzuen ekoizpen-eskasia dagoela aitortuta".
Osasun Sailak eta Osakidetzak idatzi horretan adierazi dutenez, osasun langileen segurtasuna "beti izan da, da eta izango da lehentasuna".