Gizartea -
Bizkaia
Bilbon atxiloketa bat grabatu zuen bizilaguna salatu du Ertzaintzak
Duela bizpahiru aste, gazte bat eta haren ama indarkeriaz atxilotu zituzten San Frantzisko auzoan. Hainbat bizilagunek protesta egin zuten eta gaur Ertzaintzak salaketa jarri die.
EUSKADI IRRATIA | ERREDAKZIOA
Joan den martxoaren 29an, Ertzaintzak ama-seme batzuk indarkeriaz atxilotu zituen Bilboko San Frantzisko auzoan. Bizilagunak leihora eta balkoietara atera ziren agenteek erakutsitako jarreragatik protesta egitera eta auzokide batek dena bideoan grabatu zuen.
Bilbo Zaharra eta SOS Arrazakeria elkarteek jakinarazi duenez, Ertzaintzak hainbat auzokideren kontrako salaketak jarri ditu, agenteei irain egitea egotzita, eta isunik handiena bideoa grabatu eta sare sozialetan "baimenik gabe" zabaldu zuen emakumeak jasoko du.
Ertzainak etxez etxe ibili dira bizilagunei salaketaren jakinarazpena emateko.
Bideoa zabaldu zuen emakumeak salaketa bikoitza jaso du. Alde batetik, ertzainen irudiak grabatu eta baimenik gabe sareetan zabaltzeagatik; eta bestetik, ertzain eta udaltzainei irain egiteagatik.
Bilbo Zaharra auzo elkarteak salaketak kentzeko exijitu du. Halaber, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari eta Amaia Arregi Bilboko Segurtasun zinegotziari azalpenak emateko eta Ertzaintzak atxiloketa horren harira abian jarritako barne ikerketa zertan den argitzeko eskatu die.
Bestalde, SOS Arrazakeria elkarteak salatu du ohikoa dela Ertzaintzak etorkinen kontra indarkeria erabiltzea.
Horrez gain, hainbat bizilagun zarata egiteagatik soilik salatu dituztela zehaztu du.
BIDEOA | Ertzaintzak San Frantzisko auzoan egin zuen atxiloketa