Gizartea -
Gertakariak
Valladolideko emakumearen asteleheneko heriotza ez zen krimen matxista izan
Epaitegi batek aske utzi du Valladoliden bere burua leiho batetik behera bota zuen emakumearen bikotekidea.
Agentziak | Erredakzioa
Valladolideko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko 1. Epaitegiak Valladoliden hil zen emakumearen bikotekidea aske utzi du gaur. Emakumeak Pajarillos auzoko etxebizitza bateko leiho batetik bere burua bota zuela ondorioztatu du epaileak.
Poliziaren atestatuan eta atxilotuaren zein lekukoen deklarazioetan oinarrituta, autoan gizona emakumea eusten saiatu zela adierazi dute, leihotik behera bota ez zedin, Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez.
Indarkeriaren arloko Epaitegiak Fiskaltzaren eskaera aintzat hartu, eta, autoan, akusazio publikoak azaldutako argudioekin bat datorrela adierazi du magistratuak. Haren ustez "atxilotuari delituzko jokabiderik egozteko zantzurik" ez dagoenez, ez du kautelazko neurririk eskatu.
Gertakariak
56 urteko emakumea 02:25 aldera hil zen astelehenean, Pajarilloseko Alcotan kaleko etxebizitza bateko leiho batetik bere burua bota ostean.
Eraikineko bizilagunek leihotik zintzilik zegoen emakumea senarrak eusten zuela ikustean, kalean zenbait koltxoi jarri zituzten, baina maniobrak ez zuen eragotzi haren gorputzak asfaltoaren kontra talka egitea.
Senar-emazteen artean ez zegoen genero-indarkeriagatiko aurretiazko salaketarik, eta biek aurrekariak zituzten 2019an Udaltzaingoari eraso egiteagatik.
45 urteko senarrak, ordea, biktimaren seme-alabetako batek jarritako etxeko indarkeriagatiko salaketa bat du erregistratuta. Senidea ez da jada senar-emazteen etxean bizi eta salaketa hori artxibatuta dago, Emilio Alvarez Espainiako Gobernuko ordezkariordeak azaldu zuenez.
Auzokideek ere adierazi dute ezkongaien arteko eztabaidak ohikoak eta oso gogorrak zirela.