Gizartea -
Diputazio Iraunkorra
Erresidentzia pribatuetan esku hartzeko eskatu dio EH Bilduk Jaurlaritzari
Arreta denbora luzatzea, babes ekipoak bermatzea eta testak langile eta erabiltzaile guztiei egitea galdegin du.
eitb.eus
EH Bilduk adinekoen erresidentzien "egoera larriaz" ohartarazi eta "baldintza egokiak betetzen ez dituzten" zentro pribatuetan esku hartu eta kontrola hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "legeak argi uzten baitu haren ardura dela gizarte-zerbitzuen sistemaren koordinazioa eta zentro publiko zein pribatuak arautzea, eta bertan esku hartzeko ahalmena duela beraz".
Diputazio iraunkorrean egingo du eskaera koalizioak. Ander Rodriguez legebiltzarkideak azaldu duenez, "lehendakariak ezin du bere erantzukizuna alde batera utzi, are gutxiago gure egoitzak aurrekaririk gabeko krisi bati aurre egiten ari zaizkionean; pertsona zaurgarrienen babesa ezin da kudeatzaile bataren edo bestearen profesionaltasunaren mende egon, adinekoen eskubideak zaintzea erakundeei dagokie".
Rodriguezek esan du "krisia hasi zenetik" bazekitela "adinekoen egoitza-zentroak arrisku handiko lekuak zirela. Gipuzkoako zentroek, esaterako, Bizkaikoek baino %48 langile gehiago dituzte. Nola da posible hori? Posible da, 201ko uztailean Jaurlaritzak erregulazio berri bat onartu zuelako, desberdintasun horiek egonkortu zituena".
Hain zuzen ere, arauketa hori da koalizioak aldatzeko eskatuko duena, zentroetako langile kopurua handitzeko, baina Jaurlaritzak kontrako jarrera erakutsi duela salatu du.