Gizartea -
Koronabirusa
ELAk Ambuiberica auzitara eramango du “langileen osasunerako eskubidea urratzeagatik”
Sindikatuaren arabera, enpresako 15 langile daude covid-19ak kutsatuta eta beste 39 isolatuta daude.
Agentziak | Erredakzioa
ELAk Ambuibericaren aurkako salaketa jarriko du EAEKo Justizia Auzitegi Nagusian, langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea egotzita, eta kautelazko neurriak eskatuko ditu enpresak segurtasun protokoloak, Lan Ikuskaritzaren eskakizunak eta Osalanen aholkuak “berehala bete ditzan”.
Salaketan, langileen segurtasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko enpresari isuna jartzea ere eskatuko du ELAk.
Sindikatuak azaldu duenez, Ambuibericak osasun larrialdietarako garraio eta laguntza zerbitzuak esleituta ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Bizkaian 32 base ditu eta Gipuzkoan 15, eta 825 langile kudeatzen ditu.
Halaber, sindikatuak azpimarratu du hainbat aldiz eskatu diola enpresaren zuzendaritzari “langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzala”, eta Lan Ikuskaritzan hainbat salaketa jarri ditu horretarako. Hala ere, ELAk idatzi batean dioenez, “enpresak oraindik ez ditu eskakizun horiek bete. Langileen arteko kutsatze maila 15 pertsonakoa da, eta 39 pertsona isolatuta daude horregatik”.
Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio “arazoaren konponbidean inplika dadila eta enpresei exijitu diezaiela segurtasun neurriak zorrotz betetzea. Era berean, “azpikontratazio politikari buruzko hausnarketa sakona egitea” aldarrikatu du, eta “zerbitzu horren kudeaketa zuzenean bere gain hartzea, gaur egun zaintzarako hain funtsezkoa den zerbitzu hori ematen duten langileak subrogatuz”.