Gizartea -
Inkesta
Gazteria, konfinamenduarekin konprometituta
Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkestaren arabera, 15 eta 34 urte arteko gazteen 10etik 8k du konpromiso hori, eta beste hainbestek egiaztatu dituzte iritsi zaizkien mezuak.
eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoko gazteak konprometituta sentitzen dira koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduarekin, % 80a hain zuzen ere.
"Beste behin ere, harro sentitzeko moduko gazteria dugula ikusi dugu, oraingoan, duen konpromiso sozialagatik. Gazteek bere egin dute osasun-krisiak guztion ahalegina behar duela gainditu ahal izateko. Jarraitu beharreko adibiderik onena da", adierazi du Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.
Horixe agertzen da Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkestan. 15 eta 34 urte arteko 3.482 pertsonari egin zieten inkesta pertsonei egin dizkiete galderak, martxoaren 20tik 29ra, konfinamenduaren hasieran.
Gazteak jakitun omen dira sare sozialen bidez gezur asko jasotzen ari direla, eta "jarrera aktiboa erakusten dute horiek hedatzen ez laguntzeko". Hala, 10etik 9k albiste faltsuak jaso dituztela diote, eta % 81,7k modu aktiboan egiaztatu dute jasotako mezua egiazkoa dela.
Sentimendu positiboak negatiboei gailentzen zaizkie gazteen artean, eta % 18,9k soilik diote bakardadea eta tristura sentitzen dutela.
Gazteen konpromiso sozialari dagokionez, 10etik lauk eman dute edo emateko asmoa dute boluntariotza ekimenen batean, eta erdiak baino gehiagok garbiketari lotutako eta bestelako jarraibideak betetzen dituzte.
Baina dena ez da positiboa, izan ere, etxean konfinatuta egonda ere, gazteek genero-estereotipo jakin batzuk errepikatzen dituzte. Hori horrela, gizonezkoen artean lo egitea da gehien areagotu den jarduera, eta emakumezkoen artean, garbiketa.
Nabarmentzekoa da etorkizun hurbilenekoarekiko kezka, ikasturtearen ondorioei eta selektibitateko azterketei dagokienez bereziki. Halaber, kezka horien artean, gazteek honako hauek nabarmentzen dituzte: beren senideak kutsatzeko beldurra, gaixotasun mentalen bat duten pertsonen egoera eta genero-indarkeria jasan dezaketen emakumeena.
Era berean, koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz langabezian geratu zirela ziotenen artean (inkestari erantzun zioten langabeen % 20,7), egoera hau amaitutakoan enplegua berreskuratzeari buruzko ziurgabetasuna da nagusi, % 60k ez baitakite beren enplegua berreskuratuko duten.