Gizartea -

KORONABIRUSA

Sanchezek ez du baztertzen murrizketei "eustea edo areagotzea" birusa geldiarazteko

"Urrun gaude garaipenetik" ohartarazi du Sanchezek, eta gogoratu du bihartik aurrera "hibernazio ekonomikorako neurria berezia" amaitzen dela, baina konfinamenduarekin jarraitu beharra dagoela.

Pedro Sanchez gaur, presidente autonomikoekin egindako bilera telematikoaren ostean.
Pedro Sanchez gaur, presidente autonomikoekin egindako bilera telematikoaren ostean.
Pedro Sanchez gaur, presidente autonomikoekin egindako bilera telematikoaren ostean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak argi utzi du ez duela baztertzen murrizketei "eustea edo areagotzea" Espainiak ez badu birusaren kontrako borrokan aurrera egiten edo Osasun Sistemak ez badu arnasaldia hartzen.

"Birusari aurre hartzen hasten bagara eta gure osasun sistema lasaitzen hasten bada, deseskalatzea hasiko dugu; baina horrela ez bada, oso garbia izan nahi dut, mantendu egingo ditugu murrizketak edo areagotu egingo ditugu, Gobernu honentzat garrantzitsuena, beti, gure herritarren bizitza izango da eta" adierazi du presidente autonomikoekin bilera telematikoa egin osteko prentsaurrekoan.

Zientzialarien batzordeak esaten dionaren arabera hartuko du erabakia. Hala, "gaitzaren garapenaren arabera, murrizketa handiagoak edo txikiagoak" erabakiko dira. Horretarako, adituek gomendatutako adierazleak hartuko dira kontuan, "azkartasunez" neurtu ahal izateko bai gaitzaren hedapena baita Osasun Sistemaren erantzuteko gaitasuna ere.

"Adierazle horiek gidatuko dute etorkizuneko deseskalatzea eta poliki-poliki murrizketak kentzen lagunduko digute, ea bada laster den" gaineratu du Sanchezek. Dena dela, Espainia oraindik ez dela bigarren fasean sartu ere egin gogoratu du, hau da, deseskalatze fasean, eta horregatik mantentzen dela konfinamendua.

Dena dela, aholkulari zientifikoek koronabirusaren aurkako borrokan "bide onetik" goazela diotela esan du, kutsatze kasuen desazeleraziok erakusten duen bezala: alarma egoeraren aurretik %38koa zen eta orain %3koa, "hilabeteko borrokaren ondoren".

Konfinamenduaren gutxitzea "modu mailakatuan eta zuhurtzia guztiz" egingo dela berretsi du. Horretarako "kurba jaitsi beharra dago eta horregatik hartu dira neurri gogor hauek".

"Oso erabaki zailak izan dira baina fruitua eman dute eta jaisten ari dira ospitalizatu kopurua eta ZIUn dauden pertsonen kopurua" azaldu du Espainiako presidenteak.

Datu horiek datozen asteetan hobera egitea espero dute, gainera, langileak bi astez etxean egon eta gero. Igande honetan amaitzen da ordea "hibernazio ekonomikorako neurri berezia" (funtsezko jarduerak eten zituen dekretua) eta astelehenean lanera itzuli beharko dute industrietako milaka beharginek.

"Urrun gaude garaipenetik" ohartarazi du Sanchezek, baina Espainiak "normaltasuna berreskuratuko" duela gehitu du.

"Milaka bizitza salba ditzakegu guztion esfortzuarekin" amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Gaixotasunak Pedro Sánchez Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera