Gizartea -

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-azokak debekatu ditu alarma-egoera amaitu arte

ENBA eta EHNE nekazaritza-elkarteek erabakia gaitzetsi dute, eta salatu dute "ez dagoela koordinaziorik" Osasun eta Merkataritza Sailen artean.

Artxiboko irudian, Gernikan egindako merkatu bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Artxiboko irudian, Gernikan egindako merkatu bat
Artxiboko irudian, Gernikan egindako merkatu bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak nekazaritza- eta abere-elikagaien eta produktuen zuzeneko salmentako merkatuak eta azokak debekatu ditu, asteazken honetatik COVID-19 gaitzagatik dekretatutako alarma-egoera amaitu arte; ENBA eta EHNE nekazaritza-elkarteek erabaki hori gaitzetsi dute, eta salatu dute, halaber, "ez dagoela koordinaziorik" Osasun eta Merkataritza Sailen artean.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak asteazken honetan argitaratu du agindua; nekazaritza-azokak aldi baterako bertan behera uzteaz gain, Jaurlaritzak arautzen du zein baldintzatan hasiko diren berriro egiten merkatu hauek Espainiako Gobernuak alarma-egoera amaitutzat emanda, Osasun Sailak egoera normaltasunera bueltatu dela ebatzi arte.

Epe horretan, salmenta-postuen artean gutxienez sei metroko tartea egon beharko da; albo-gunean, lau metrokoa izan ahalko da. Postuetan, saltzaileek gutxienez bi metroko tartea izan beharko dute elkarren artean; hori posible ez balitz, pertsona bakarra egon ahalko da.

Gainera, postuetan erabili eta botatzeko eskularruak eta gel desinfektatzaileko banagailuak egon beharko dira, saltzaileentzat eta bezeroentzat. Bezeroek, gutxienez, bi metroko aldea izan beharko dute elkarren artean.

ENBAk eta EHNEk gaitzetsi egin dute erabakia

Testuinguru honetan, ENBA eta EHNE nekazaritza-elkarteek Eusko Jaurlaritzaren erabakia gaitzetsi dute, eta, halaber, Osasun eta Merkataritza Sailen artean "koordinaziorik ez dagoela" salatu dute.

ENBAren iritziz, erabakia "ulertezina eta tamalgarria" da, ekoizleentzat eta kontsumitzaileentzat. Esan duenez, alarma-egoeraren osteko baldintzak "guztiz neurrigabeak dira, eta merkatuen eta azoken etorkizuna arrisku larrian jartzen dituzte".

EHNEk, bere aldetik, esan du merkatuak ez direla "jolas-eremua", eta galdetu du zergatik dagoen "honelako merkatu eta azoken aurkako tema". Zehaztu duenez, Ordizian, Zumarragan edo Villabonan “irekita” jarraitu dute, "garbitasun- eta segurtasun-baldintzak beteta", eta gogora ekarri dute beste autonomia-erkidego batzuetan, Katalunian kasu, merkatuak egin ahal direla.

Elkarteek, horrez gain, ziurtatu dute ekoizleak "garbitasun- eta segurtasun-neurri guztiak betetzeko prest" daudela; nabarmendu dutenez, "egoera berez da zaila, eta, hortaz, ulergaitza da zergatik nahi duten jarri beste oztopo bat". 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Nekazaritza albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Euskadiko feriak Alarma-egoeraren amaiera